Eutanasiaren inguruko sentsibilizazio eta informazio programak sendotzea proposatu du Geroa Baik
Ana Ansa parlamentariak mozio bat erregistratu du Foru Exekutiboa premiatuz gaur egun eskuragai dauden protokolo eta baliabideak berrikus ditzan
Nafarroako Gobernuak eutanasiaren inguruko sentsibilizazio eta informazio programak sendotzea proposatu du Geroa Baik, pasa den otsailaren 11an Diputatuen Kongresuan tramitaturiko legea zer den eta horrek zer dakarren aditzera emanez, bai eta bere mugak non dauden agertuz.
Ana Ansa Ascunce koalizioko foru parlamentariak mozio bat erregistratu du Nafarroako Parlamentuan, era berean Nafarroako Gobernua premiatuz gaur egun eskuragai dituen protokolo eta baliabideak berrikus ditzan, horrela prozedimendu berrien beharra dagoen edo ez antzemateko.
Ansak gogorarazi duenez “2020ko otsailaren 11ko osoko bilkuran eutanasiaren arautzerako lege proposamena aintzat hartu zen, gaixoaren autonomia eskubideak definitu eta arautzen zituzten aurreko lege eta araudiak osatuz (Gaixoaren Autonomia arautzen duen 41/2007 Oinarrizko Legea eta Aurretiko Jarraibideen Erregistro Nazionala eta Datuen Fitxero Automatizatua arautzeko 124/2007 Errege Dekretua)”.
Foru parlamentariak azpimarratu duenez “Nafarroan gainera, heriotza prozesuan pertsonaren duintasunaren eskubide eta bermeen 8/2011 Foru Legea dugu”. “Gure ustez, ezaugarri hauetako lege baten konplexutasun guztia jasoko duen arau garapenaren ondoren, behar adinako tentu guztiarekin, Komunitate Autonomoak izango dira hori osasun zerbitzuen amankomuneko karteraren baitan ezarri beharko dutenak, bai eta horretarako beharrezkoak diren prozedimendu eta baliabideak euren zerbitzuetan ezarri beharko dituztenak, horregatik gure proposamenak aurretik eman beharreko pausoa direla ulertzen dugu”, nabarmendu du.
Ana Ansa