Fake politikaren aurrean politika erreala, pertsonen politika aldarrikatuz ekin dio Geroa Baik ikasturte politiko berriari
Uxue Barkosek azpimarratu du Geroa Baik elkarrizketaren, akordioen eta Nafarroarentzako konponbide errealen aldeko apustua egiten jarraituko duela
Uxue Barkos Geroa Baiko senatariak “politika errealaren” aldeko apustua aldarrikatu du ostiral honetan eta “elkarrizketaren eta akordioaren beharra, ezberdinen artean hitz egitearen beharra, gizarte hobea eraikitzeko adosteko beharra” azpimarratu ditu.
Geroa Baiko hautetsiekin egin duten ikasturte politiko hasiera ekitaldian, Barkosek “fake politika” kritikatu du, senatariaren arabera “gure mugetatik” kanpo bakarrik ez baita ematen. “ ‘Fake’ politikari buruz ari naizenean, huts egin duen politikari buruz ari naiz, interes pertsonala edo alderdiarena bakarrik begiratzen baitu, edota presio talde batena”, azpimarratu du.
Senatari eta Nafarroako Lehendakari ohiak ohartarazi duenez, “laztasun bereziarekin ikusten ari dugu estatu mailako politikan, Espainiako bi alderdi handiak auzitegietan gehiago ikusiz norgehiagokan tribunan egin ordez”. “PSOE eta PP agoniko bana, datozen hilabeteetan auzitegiek erabaki dezaketenaren zain, politika errealeko proposamenak egiteko ezgai, Gobernuan edo oposizioan, ezin baitute haien begirada herritarren interes eta beharrizanetan jarri, epaileak edo fiskalak markatzen dien erritmoari zeharka begiratzen jarraitzen baitute. Eta bien bitartean, Kongresuan, espazio guztia Vox-entzat, espazio guztia eskuin muturrarentzat”, kritikatu du, aldi berean ziurtatuz “Europaren aurkako Troiako zaldi moduan diruz lagundutako” muturreko eskuina dela.
Uxue Barkosek nabarmendu duenez, “Europako erakundeen unerik okerrenetako batean” gertatzen ari da hori guztia, “Europar Batasuneko unerik ahulen eta lotsagarrienetako batean”, gaineratu du. “Ukrainan frogatu den gaitasun eza gainditzea zaila zirudien, baina argi geratu da posible zela. Gaza muturreko galanta da Euroako erakunde guzti guztien aurpegian, ez baitira gai izan, ez baitute jakin, ez nuke pentsatu nahi ez dutela nahi izan, palestinar herritarren sarraskia gelditu”, deitoratu du.
“Diot, nola ez, Hamasen terrorismoa salatu beharra dagoela eta Israelgo bahituak behingoz aska ditzala. Eta diot, nola ez, Netanyahuren Gobernua salatu beharra dagoela eta Gazan pertsonak erailtzeari utzi diezaiola”, azpimarratu du.
“Politika errealarekin, ekarpenak egin, elkarrizketatu eta eraikitzea bilatzen duen politikarekin” Geroa Bairen konpromisoa berretsi du Barkosek. “Gure historia hurbileko une zailenetako batean egin genuen, 2015ean Lehman Brothersen krisialdiak zeharo nokeaturik zuen gobernura iritsi ginenean. Garai hartan, paralizaturik zegoen Gobernu bat aurkitu genuen, diru-kutxa hutsik eta zerbitzu publikoak zeharo hondaturik zituena. Buelta eman genion eta bigarren krisialdiari, COVIDaren krisialdiari, askoz ere indar handiagoarekin aurre egiteko prestaturik zegoen gizarte bat, Nafarroa bat lortu genuen. Zorra kontrolaturik, diru-kutxa saneatua eta zerbitzu publiko indartuak utzi genituen zetorkigunari aurre egiteko. Eta hori izan zen gure apustua, Geroa Bairen apustua, politika errealaren apustua, pertsonen politikarena”, nabarmendu du.
Unai Hualde: “Gobernatzeko beste modu bat posible da”
Bere aldetik, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidenteak Geroa Bairen ibilbidea defendatu zuen, zintzotasunaren eta herritarrengandik hurbiltasunaren adibide moduan agertuz: “Hamar urte hauetan zehar gobernatzeko beste modu bat posible dela frogatu dugu, Nafarroa sozialagoa, euskaltzaleagoa, autogobernu gehiago duena eta zerbitzu publiko hobeak dituena eraikiz”. Hualdek koalizioak profil propioa mantentzeko deia egin zuen, “noraezean” dabilen eskuinaren aurrean. Geroa Baik “profil propioa du, bloke aurrerakoiaren aitzakiarekin ahoa estalita nahi gaituztenen aurrean”, adierazi du.
Ana Ollo: “Geroa Bai gabe ez legoke aldaketa politikorik”
Ana Ollo Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak, koalizioak azken hamarkadan jokatu duen paper erabakigarriaren balioa azpimarratu zuen: “Geroa Bai gabe ez legoke eskuinaren irteerarik, ez eta zerbitzu publiko sendorik, ez eta berdintasunean, memorian edo euskaran aurrerapausorik egongo”. Ollok hainbat lorpen nabarmendu zituen, hala nola NUPeko Medikuntza Fakultatea, Skolae programa, Hitzarmen Ekonomikoaren defentsa edo Memoria eta Bizikidetzan egindako politika aitzindariak. “Geroa Bai erabakigarria izan da, da eta izango da Nafarroan aldaketa mantentzeko”, ziurtatu zuen.
Pablo Azcona: “Zorroztasuna, koherentzia eta ausardia”
Azkenik, Pablo Azcona Geroa Baiko bozeramaileak ikasturte honen erronkak hiru hitzetan laburbildu zituen: zorroztasuna, koherentzia eta ausardia. Osasungintzan edo industrian gako izan diren legeak bultzatzearen garrantzia azpimarratu zuen, eta etxebizitza, despopulazioa edo euskara bezalako esparru garrantzitsuak nabarmendu zituen ere. “Hamaika urtetan Nafarroarentzako egonkortasuna bermatu dugu, gobernu aurrerakoi eta trebeak egotea ziurtatuz. Hori da gure konpromisoa: zorroztasunez, koherentziaz eta ausardiaz lan egitea”, azpimarratu zuen.
Ikasturte hasiera honekin, Nafarroa plural, anitz, jasangarri eta memoriadun batekin duen konpromisoa sendotzen du, politika erreala defendatuz eta konfrontazioaren eta interes alderdikoiaren politika gaitzetsiz.
Uxue Barkos