Itzuli

Faltzesen D ereduaren ezarpena bermatu du Geroa Baik aurrekontuei egindako zuzenketen bitartez

Parlamentu taldeak lurralde kohesioa lehenetsi du berriro ere kontuei planteatu dizkion proposamenekin

    Geroa Baik ia ehun zuzenketa planteatu ditu, bakarka aurkeztuak edo beste taldeekin batera, horiekin Nafarroarentzako lehentasunezkoak direla deritzon politika publiko batzuetan sakontzen jarraitzeko helburuarekin. Koalizioak erregistratutako zuzenketen artean diru kopuru handiena daramana, Faltzeseko ikastetxe publikoan D ereduaren ezarpenerako beharrezkoa den aurrekontua osatzera doa bideratua. Osotara, koalizioak 55 zuzenketa propioren bitartez eta beste taldeekin batera aurkeztutako beste 43rekin, 3.526.600 euroko proposamen eta proiektuak finantzatuko dira.

    Koalizioak 550.000 euroko zuzenketa hau erregistratu du, behin Faltzeseko Doña Álvara Álvarez ikastetxe publikoan D ereduaren ezarpena aurrekontuen aurreproiektuan sartu ondoren, hezkuntza aukera hau eskatu duten 21 familien babesa izan duen eskaera soziala izan baita. Aurrekontuen zirriborroan, zentroko espazio eta azpiegiturak egokitzeko partida bat zegoen jada, eta orain, Geroa Baik aurkeztutako zuzenketarekin osatuko da. Modu honetan, udalerri horretan aukera berdintasunean hizkuntza eredua aukeratzeko eskubidea bermatzen da, horrela, datorren ikasturtetik aurrera, aukera hori egongo delarik.

    Halaber, euskararen sustapen eta promozioaren alorrean, NUPekin hitzarmen bat sinatzeko zuzenketa bat erregistratu du koalizioak, titulu propio baten bitartez NUPek euskara teknikariak gaitzeko eta trebatzeko formakuntza arautu bat garatu ahal izateko. Era berean, gazteen artean euskararen erabileraren programa garatzeko, Euskarabentura alegia, proposamenak aurkeztu dira, bai eta Lesaka, Bera eta Baztango adinekoen zentroekin hitzarmenak egiteko ere, horietan hizkuntza planak ezar daitezen.

    Bestalde, Geroa Baik aurkeztutako zuzenketen bitartez aurrera aterako diren proiektuen zati handi bat, lurraldetik hurbileko lanarekin eta munizipalismoarekin dute zerikusia, honakoa beti izan baita koalizioaren ezaugarri. Modu honetan, Geroa Bairen parlamentu taldeak inbertsio sorta bat proposatzen du datorren urteko kontuetan, kasu askotan zaila izango litzakeelarik beste modu batean inbertsio horiek burutzea, Nafarroako 30 udalerri baino gehiagoren garapen sozioekonomikoa lagunduko delarik horrekin.

    Udalerri hauetan Geroa Baik planteatzen dituen ekimenek gai ezberdinak jorratzen dituzte, hala nola kirol eta kultura azpiegituretan hobekuntza eta erreformak, udal lokalen egokitze lanak, irisgarritasun alorreko ekintzak, parkeak edota espazio publikoen hobekuntza. Lehen sektorearekin harremana duten beste batzuk badira ere, hala nola kooperatiben integrazioa; bai eta ingurumenarekin zerikusia dutenak ere, hots Zarrakaztelun iazko udan egondako suteek erretako mendiaren berreskurapena, edota klima aldaketaren aurrean mugaz gaindiko herritar eztabaidagunearen lurralde laborategiaren jardueraren garapena.

    Bere zuzenketen bitartez, osasungintza, eskubide sozialak edo merkataritza bezalako alorrekin harremana duten ekimenen garapena mesedetu nahi du Geroa Baik: gaixoen elkarteei zuzenduriko dirulaguntzak, bai eta desgaitasuna duten pertsonen antolakundeei zuzenduriko beste programak, belaunaldi arteko txandaketa programak edo Iruñeko udal azoken promozioa, besteak beste.

    Aurkeztutako partiden bitartez gainera, Geroa Baik asoziazionismoa bultzatu nahi du alor sozialean, kulturalean edo kirolean, ekitaldien, kluben edo elkarteen promoziora zuzendutako proposamenekin eta foru geografia osoan eginez gainera, bai eta egokitutako kirola edo emakumeen kirol jarduera laguntzeko ere. Emakume eta gizonen arteko berdintasuna mesedetzera bideratutako ekimenak edo sormen kulturala sustatzeko eta kirol probak garatzeko proposamenak ere aurkeztu ditu.

    Aurrekontu akordioa gure komunitatearen egonkortasun politikorako funtsezko tresna dela defendatzen du koalizioak, 2015 urtetik honen berme eta giltzarri izan delarik Geroa Bai. Azkenik, koalizioaren aburuz, kontu hauek Nafarroak aurrean dituen erronka nagusiei aurre egiteko balioko dute.

    Izena eman gure buletina jasotzeko