Itzuli

Foru Exekutiboak erizaintzako LEP birbideratu dezan eskatu du Geroa Baik euskara meritu moduan baloratu ahal izateko

    Uxue Barkos Uxue Barkos

    Nafarroako Parlamentuko Mahai eta Eledunen Batzarraren ondoren Uxue Barkos Geroa Baiko eledunak komunikabideei egindako adierazpenetan Foru Gobernua premiatu du Erizaintzako LEP “birbideratu” dezan, egungoak ez baitu euskara meritu moduan baloratzen,  baina ingelesa, frantsesa edo alemana bai ordea.

    “Erizaintzako langileek funtsezko kualifikazio teknikoa dute, baina osasungintza publikoak gaixoarekin duen harremanaren zutabeetako bati ari gara eta, hortaz, nafarron beste hizkuntza propio bat baloratzea funtsezkoa dela deritzogu”, aldarrikatu du Barkosek, aldi berean adieraziz Exekutiboak “nahaste” hau “garaiz eta modu egokian konponduko” duela espero duela.

    Halaber, aurrekontuen negoziazioa aipatu du ere, Navarra Sumak bere jarrerarekin “negoziazio batzuk hasteko modurik okerrena” agertzen duela adieraziz. Barkosen aburuz, Navarra Sumak “iazko jardunbideari jarraituz harri berarekin egiten du estropuz berriro eta negoziaziorako tartea non egongo den jakiteko tesituran jartzen gaitu beste guztiak”.

    Bestalde, aurrekontuen negoziazioan Geroa Baik burutu duen aurrerapena balioetsi du, eta tokiko finantzaketa azpimarratu du, aurrekontuen aurreproiektuak Tokiko Ogasunen Funtsa KPI gehi bi puntu balio-handitzeko koalizioaren eskaera jasoko baitu, bai eta Tokiko Azpiegituren Planaren finantziazioa ere, aurreko 6 urteen bideari jarraituz.

    Halaber, Geroa Baiko bozeramaileak Adituen Komiteak burututako fiskalitate txostena aipatu du ere eta nabarmendu duenez “eskuinak Parlamentuan astindu dituen mamuetako batzuk desmuntatzen dituen txosten bat dugu mahaigainean”, eta era berean azpimarratu du “ez dela egia enpresen etorrerara begira Nafarroa lurralde desatsegina edo erakargarritasun gutxikoa denik”.

    Txostenaren ondorioei buruz adierazi duenez, “horietako batzuk elkarbanatzen ditugu eta beste batzuk ez”, baina parlamentu taldeak “akordiora” eramango dituela espero du.

    Izena eman gure buletina jasotzeko