Itzuli

Foru ogasunak multinazionalen eta banketxeen zerga bildu eta arautuko duela modu positiboan baloratu du Geroa Baik

Sortzen diren zerga berriak Hitzarmen Ekonomikoaren errealitatera beti egokitzeko beharra aldarrikatu izan du beti koalizioak

    Bi zerga berriren arauketa, kudeaketa, ikerketa eta dirubilketa Foru Komunitateak jardutea ahalbidetuko duen Hitzarmen Ekonomikoaren Legearen aldaketa berria Estatuarekin adosteko negoziazioak modu positiboan baloratu ditu Geroa Baik. Horrela, talde multinazionalen eta tamaina handiko talde nazionalen gutxieneko zerga bermatzeko zerga osagarria eta banketxe jakin batzuen interes eta komisio tarteen gaineko zerga kudeatuko ditu Nafarroak. 
    Zentzu honetan, “Nafarroa eta Estatuaren arteko Hitzarmenaren eguneratzea beharrezkoa” dela defendatu du Geroa Baik, horrela “hitzartutako zergetan autonomia maila handiagoak lortzeko”. Koalizioaren arabera, “aurretiaz Estatuarekin hitzartu ez diren alorretan zerga zuzenak eta zeharkakoak arautzeko Nafarroak duen eskumena, edozein zalantzatik kanpo geratzen da”. 
    Horregatik guztiagatik, “Nafarroak bere zerga sistemaren egituraketan modu aktiboan parte hartzen jarraitzearen garrantzia” azpimarratu du Geroa Baik, “modu honetan gaur egungo eta etorkizuneko beharrei modu solidario eta jasangarrian erantzuteko gai izanik”. “Erreforma hauekin zerga sistema zuzena, orekatua eta garai berriei egokitua bermatzen lagunduko da”, ziurtatu du koalizioak. 
    Halaber, “Estatuarekin negoziatzeko orduan anbizioa” eskatu du Geroa Baik eta nabarmendu duenez, urte asko daramatza ohartaraziz “Estatuko administraritzaren zorraren %1,6aren ordainketaren kapitulua Hitzarmenaren Legearen baitan berrikusteko beharra dagoela”, horregatik, zentzu honetan negoziaketa bati ekitea eskatu du. 
    Era berean gogorarazi du Foru Parlamentuan jada ebazpen bat onartu zuela “2025-2029 bosturtekoaren oinarri-urtearen negoziazioan, Estatuak onartutako zorraren kitapena Nafarroak bere gain hartu gabeko kargetatik ken dadin, bai eta zorraren presioaren arintzea ahalbidetzeko neurriak azter daitezen ere horrela Nafarroaren aurrekontu-ahalmena hobetzeko, eta horretarako Nafarroa eta Estatuaren arteko aldebiko akordioetara iritsi beharko da”. 
    Azkenik, “Estatuari egiten zaion aportazioaren baldintzak analisi tekniko eta zorrotz batetik berrikustera” premiatu du Geroa Baik, “azken bosturtekoan modu nabarmenean handitu baita”. 

    Izena eman gure buletina jasotzeko