Itzuli

Foruaren Hobekuntzaren erreforma ahalik eta adostasun handienarekin burutzeko deia egin du Geroa Baik

    Pablo Azcona Pablo Azcona

    Pablo Azcona Geroa Baiko bozeramaileak Nafarroako Parlamentuko Mahai eta Eledunen Batzarraren ondoren egindako adierazpenetan, datorren osteguneko osoko bilkuran koalizioak defendatuko duen ekimena aurkeztu die komunikabideei. Mozio horretan Nafarroako Gobernua premiatzen da, honek Kirol eta Jarduera Fisikoaren Nafarroako Institutuaren bitartez web atal informatibo eta osatu bat sor dezan, eguneratua egongo dena gainera, egokitutako kirolari buruz, horrela desgaitasuna duen edozein kirolari kirol jardueran aritu ahal izateko. 

    Gaur egun eskaintzen den informazioa eskasa dela azaldu du Azconak, eta kirolariek informazio hori aurkitu ahal izateko ibilbide argi eta gidatuak edukitzearen beharra azpimarratu du. 

    Bestalde, Nafarroak trafikoaren eskumena bereganatu ahal izateko Foruaren Hobekuntzaren erreformari dagokionez Nafarroako Kontseiluak emandako oniritzia aipatu nahi izan du Azconak. Geroa Bairen bozeramaileak adierazi duenez, behin Nafarroako Kontseiluaren “oniritzia” jaso ondoren, asteazkenean Gobernu saioan onartuko da eta ondoren “lege aldaketa hori onartzeko eztabaida izango dugu”. “Ondoren Gorte Nagusietara joan beharko da eta bertan gerta daitekeenarekin gure kezka agertu nahi dugu, Nafarroaren eskubide eta eskumen historikoen alde dauden alderdi batzuek zer egingo duten ez baitakigu, ondoren erabaki horiek bozkatu behar direnean ez baitira Nafarroako eskumen historikoen alde agertu ohi”, esan du. Azpimarratu duenez,  Nafarroako Parlamentuan “Foruaren Hobekuntzaren aldaketa hau aurrera ateratzeko gehiengo nahikoa dago”, eta deia egin du “ahalik eta batasun handienarekin egin dadin”. “Autogobernua defendatu eta errespetatu egiten dutela diote, baina bai hemen, bai eta Diputatuen Kongresuan ere bere botoarekin frogatu beharko dute”, esan du, aldi berean bere nahia agertuz “atzerapen gehiegi daramatzan gai hau bizkortu dadin, beste erakunde eta estamentuen aldetik oztopo gehiegi eduki baititu”. “Geroa Baitik Foruzaingo integral baten alde egiten dugu, trafiko alorreko eskumenak bere osotasunean bereganatuz”, adierazi du.

    Beste gai batzuen artean, Geroa Bairen bozeramaileak Gazaren egoerari erreparatu dio ere, bai eta NBEren Asanblada Nagusiak pasa den ostiralean hartutako erabakia ere, Palestinari eskubide gehiago aitortu baitzizkion Erakundearen gaietan parte hartzeko. Berehalako sueten baten beharra eta laguntza humanitarioaren premia azpimarratu ditu berriro Azconak. 

    Geroa Bairen bozeramaileak ere gogorarazi du azken asteburu hau bizitasun osokoa izan dela oroimen historikoarekin zer ikusia duten gaiekin, hori izanik Geroa Baik defendatzen duen oroimen integralaren hiru ildo nagusietako bat. “Oroitza eta omenaldi ekitaldietan parte hartu dugu Erronkarin, Sartagudan eta Iruñean”, gogorarazi du.

    Eta azkenik, Parlamentuko Mahai eta Eledunen Batzarrean Geroa Baik babestu dituen adierazpen instituzionalak aipatu ditu ere, hala nola LGTBIforiaren aurkako borrokaren egunari dagokiona eta Museoen Nazioarteko Egunari dagokiona. Bestalde, Geroa Bai ez da Tauromakiaren Sari Nazionalaren deuseztapenari buruz UPNk aurkeztutako adierazpenaren alde agertu.

    Izena eman gure buletina jasotzeko