Francisco Franco Fundazioa zergatik ez duen ilegalizatu galdetu dio Koldo Martínezek Gobernuari
Koldo Martínez (Geroa Bai) Nafarroako senatari autonomikoak Gobernuari zuzenduriko galdera bat erregistratu du Goi Ganberan, Francisco Franco Fundazioaren estintzio eta ilegalizazio espedientea oraindik hasi ez izanaren arrazoiak zeintzuk izan diren ezagutzeko helburuarekin.
Koldo Martínezek gogorarazi du onartu berri den Memoria Demokratikoaren Legeak ezarritakoaren arabera, fundazioen estintzio arrazoien artean horiek frankismoaren apologia egitea, Estatu kolpea eta diktadura gorestea edo haien buruzagiei gorazarrea egitea daudela, biktimen duintasuna gutxietsiz eta umiliatuz.
“Agerikoa da Francisco Franco Fundazioak bete betean hartzen dituela legeak jasotzen dituen kasu horiek eta, hortaz, beharrezkoa da bere burua demokratikotzat duen estatu batean dugun anomalia honi amaiera jartzeko tramiteak lehenbailehen hastea. Alemanian edo Italian ez dago Adolf Hitler edo Benito Mussolini izena daraman fundaziorik eta hemen ia berrogeita hamar urte daramatzagu diktadorea hil zenetik eta Frankoren figura goresten duen fundazio bat egotea onartzen da”, salatu du Geroa Baiko senatariak, “anormaltasun” honi amaiera jartzeko gobernu sozialistaren aldetik berehalako ekintza bat eskatuz.
Koldo Martínez