Itzuli

Frankismoaren biktimen memoria eta aitortzarekin konpromisoa aldarrikatu du Geroa Baik San Kristobal gotorlekuan

    Geroa Baik memoria eta aitortza ekitaldi bat egin du gau San Kristobal Gotorlekuan, Ezkabako Ihesaldiaren urteurren datarekin bat, Nafarroan jazarpen frankistaren gertakari dramatiko eta adierazgarrienetakoa izanik hori.

    Ekitaldian, berriki Memoria Toki moduan aitortu den gune batean egina, koalizioko ordezkariak elkartu dira jazarpen frankistaren biktimei omenaldia egiteko eta memoriarekin, egiarekin, justiziarekin eta erreparazioarekin konpromisoa aldarrikatzeko.

    Hamarkadetan zehar elkarte memorialistek burututako funtsezko papera nabarmendu du koalizioak, bai eta ikerlariek, tokiko erakundeek eta jazarritakoen senitartekoek ere, isilaldi garaietan haiek mantendu baitzuten memoria bizirik.

    Irantzu Zabalza Zizur Nagusian Geroa Baiko zinegotzi eta Nafarroako Memoria Historikoaren Koordinaziorako Batzorde Teknikoko kideak hartu du hitza, gogoraraziz nola memoria historikoarekiko konpromisoa jazarpen frankiskat markaturiko familia historia askoren zati den ere. Zabalzak bere aitona zenaren figurari erreferentzia egin dio, Fortunato Agirre alegia, eta memoria “modu naturalean eta gorrotorik ez eta aiherrik gabe” adieraztearen garrantzia aldarrikatu du, aldi berean AFFNA-36 bezalako elkarteek urtetan zehar garatutako lana aitortu duelarik ere, bai eta 2015 urteaz geroztik Nafarroan bultzatu diren politika publikoak ere.

    Halaber, memoria alorrean Nafarroako Gobernuak garatutako lanaren garrantzia azpimarratu du eta “udalen lankidetzarekin” aurrera egiten jarraitzearen alde egin du, argitu gabe dauden gertakariak argitzen jarraitzeko eta egia, aitortza eta erreparazio politiketan sakontzeko.

    Bere aldetik, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak San Kristobal-Ezkaba Gotorlekuaren esanahi sinbolikoa aldarrikatu du, Nafarroan eta Estatuan memoriaren gune nagusienetakoa baita, aldi berean gogoraraziz espetxe horretatik 7.000 preso baino gehiago igaro zirela frankismoaren aurkako ideiak defendatzeagatik jazarriak.

    Presoek jasandako bizi baldintza ezin latzagoak gogorarazi ditu Ollok, “goseak, hotzak, gaixotasunek eta heriotzak” markaturik, bai eta espetxeratuei laguntza eskaini zieten emakume askoren elkartasuna ere. Zentzu honetan, Emakume Abertzale Batzari loturiko emakumeen papera nabarmendu du bereziki, haien erresistentzia eta elkartasun lana Nafarroako Memoriaren Institutuak sustaturiko lanetan berreskuratu delarik. “Historia hori berreskuratzea, emakumeak frankismoaren aurkako erresistentziaren historiaren baitan sartzea ekarri zuen, askotan protagonistak izan ziren emakumeak ezabatuak izan baikara, ikusezintasun sozial baten baitan, eta gaur egun ere horretan dirau”, azpimarratu du.

    Lehendakariordeak ere 1938ko maiatzeko ihesaldia gogorarazi du, “Europako garrantzitsuena”, bertan 800 preso inguru gotorlekutik ihes eginez eta 200 pertsona erail zituztelarik ihesaldian zehar. Halaber, “botilen hilerria” izena daraman tokiaren garrantzia azpimarratu du, bertan 131 preso ehortzi baitzituzten haien datu pertsonalak gordetzen zituen botila batekin, gaur egun hori, “haiek defendatzen zuten askatasunaren, demokraziaren eta justizia sozialaren sinboloa delarik”.

    Bere hizketaldian zehar, Nafarroan azken hamarkadan memoria eta bizikidetza alorrean garatu den lana aldarrikatu du Ollok, Foru Komunitatea “estatu mailan eta Europa mailan erreferente moduan kokatuz” memoriaren politika publiko integralei eman zaien bultzadari esker.

    Zentzu horretan, negazionismoaren eta atzerapauso demokratikoari buruz ohartarazi du, bere iritziz autonomia erkidego ezberdinetan memoriaren legeak indargabetzen arrazoia hori delarik. “Ultraeskuinari ez zaio deiadarrekin aurre egiten; bultzada politikoarekin eta lan zorrotzarekin baizik, anbizioz eta irmotasunez”, ziurtatu du.

    Hitzaldi instituzionalen ondoren, lore-eskaintza bat egin da jazarpen frankistaren biktima guztien omenaldi gisa, Unai Hualde eta Pablo Azconaren eskutik, Geroa Bairen ordezkaritza moduan, jarraian aurresku bat eginez.

    Ekitaldiaren ondoren, bertaratutakoek “botilen hilerria” deiturikoa bisitatzeko aukera eduki dute, San Kristobal Gotorlekuko jazarpena pairatu zutenen memoriari loturik dagoen beste tokietako bat alegia.

    Izena eman gure buletina jasotzeko