Itzuli

Frankismoaren krimenak gizadiaren aurkako delitu moduan aitortzea eskatuko du Geroa Baik

Geroa Baik mozio bat planteatuko du ostegun honetan EH Bildu eta Contigo Zurekin taldeekin batera oroimen politika publikoetan sakontzeko eta zehazki frankismoaren krimenak

    Mikel Asiain Mikel Asiain

    Mikel Asiain Geroa Baiko parlamentariak nabarmendu duenez, “kezka handiarekin dakusagu PP eta VOXen gobernuak dituzten Autonomia Erkidego batzuetan gertatzen ari den inboluzionismoa, edo negazionismo hutsa zenbait kasutan, oroimen historikoaren politikei dagokionez”. Horregatik, azken asteotan koalizioak ekimen ugari erregistratu eta defendatu ditu Parlamentuan, Nafarroak mota honetako politiken buruan egotearen beharra azpimarratzeko, 2015 urtetik hona egin izan duen modu berean alegia. Datorren ostegunean egingo den Parlamentuko osoko bilkuran, Geroa Baik, EH Bildu eta Contigo Zurekin taldeekin batera, honi buruzko mozio bat defendatuko du.

     

    Proposamenaren zioen azalpenean gogorarazten denez, gizadiaren aurkako krimenaren kontzeptua Londreseko Estatutuan jaso zen lehen aldiz 1945 urtean; ondoren Nazioarteko Zigor Auzitegiaren Erromako Estatutuan ‘gizadiaren aurkako krimena’ zer den zehazten da. Espainiar estatuaren lege ordenamenduaren kasuan, gizadiaren aurkako krimenak 15/2003 azaroaren 25eko Lege Organikoaren bitartez ezarri ziren. Gaur egun krimen hau Zigor Kodeko 607 bis artikuluan tipifikaturik aurkitzen da.

     

    Horrela, diktaduran eta trantsizioan zehar gauzaturiko krimen frankistak herritar zibilen sektore zabalen aurkako eraso sistematiko eta orokortuak izan ziren. Eta testuinguru horretan kokatu beharra dago 1978ko sanferminetan gertatutako polizia-erasoa, bertan Germán Rodríguez Saiz erail zutelarik, bai eta beste hamaika pertsona balaz zauritu eta beste hirurehun pertsona inguru ospitale eta osasun etxeetan artatzera eraman.

     

    Mozioan Parlamentuari eskatzen zaio frankismoak diktaduran eta trantsizioan zehar burututako krimenak gizadiaren aurkako delitu moduan aitor ditzan. Aldi berean Germán Rodríguezen senitartekoek, Sanfermines 78 eta zauritutako pertsona ugarik aurkeztutako kereilari Ganberak bere babesa agertzea eskatzen da ere. Halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen da eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako biktimei aitortza eta erreparazioa eskaintzen jarrai dezan.

     

    Zentzu honetan, parlamentariak gogorarazi du 2015 urtetik hona eta Geroa Bairen eskutik “Nafarroa oroimen historiko eta bizikidetza politika publikoen garapenean aitzindari” bilakatu dela. Aldi berean azpimarratu duenez, koalizioarentzako “oroimen politika publikoak konpromiso bikoitz batean oinarritzen dira: biktimekiko eta gizartearekiko konpromisoa”. Oroimen integral baten aldeko lana da, izan ere “ezinezkoa da ahanzturatik etorkizunera begiratzea”.

     

    Horrela, Asiainek “indarkeria guztiei zilegitasuna kentzearen” beharra berretsi du. Era berean azpimarratu duenez, “inboluzio demokratiko honen aurka oroimen politikak inoiz baino gehiago bultzatu behar ditugu, horrela biktimen eskubideak bermatzeko”.

    Izena eman gure buletina jasotzeko