Itzuli

Frantziak Francori Ohorezko Legioa erretiratzeko Nafarroako Parlamentuaren ahobatezko eskaera Senatura eraman du Koldo Martínezek

    Koldo Martínez Koldo Martínez

    Koldo Martínez (Geroa Bai) Nafarroako senatari autonomikoak Nafarroako Parlamentuaren eskaera helarazi du Senatura, talde guztien babesarekin, Frantziak Francisco Franco diktadoreari Ohorezko Legioa erretira diezaion.

    Jean Ocaña erbesteratu errepublikanoen semeak urteak daramatza Francisco Franco diktadoreari Ohorezko Legioa erretiratzea aldarrikatuz Frantziako Gobernuaren eta Frantziako Ohorezko Legioaren kudeatzaileen aurrean, birritan emana eta berretsia baitu diktadoreak ohore hori: 1928an, ofizial moduan, eta 1930ean, komandante moduan. Orain arte saiakera horiek alferrikakoak izan dira, Ohorezko Legioaren Kantzilertza Handiak, bai eta Pariseko Administraritza Auzitegiak gai honen kontura jasotako eskabide guztiak baztertu baitituzte arrazoi ezberdinak argudiatuz, baina bereziki hil ondoren titulua erretiratzea erakundearen araudiaren aurkakoa delako.

    Nafarroako Parlamentuak, Senatuko bere ordezkari den Koldo Martínezek gaur aurkeztu duen mozioan jasotzen den moduan, gogorarazten du Indarrezko Desagerpenen aurka Pertsona guztien Babesari buruz NBEak onartutako Adierazpenak ekintza hauek Gizadiaren aurkako krimentzat jotzen dituela, eta Nafarroan zein Espainiako beste tokietan milaka pertsona erail zituztela 1936ko kolpe militarraren ondoren eta horietako asko oraindik ez direla aurkitu ez eta haien gorpuzkiak berreskuratu haien familiek ehorzteko.

    “Indarrezko desagerpenei dagozkien gizadiaren aurkako krimen horrek bakarrik -zerrendatu daitezkeen beste askotaz gain- nahikoa izan beharko luke frantziar Estatuak diktadoreari Ohorezko Legioa erretiratzeko”, azpimarratzen du Koldo Martínezek Senatuan aurkeztutako mozioak, horren bitartez Espainiako Gobernua premiatuz frantziar exekutiboaren aurrean beharrezkoak diren tramite guztiak burutu ditzan Francisco Franco diktadoreari Ohorezko Legioa erretira diezaion.

    “Nafarroako Parlamentuan lortutako aho-batekotasuna Senatuan ere eman dadin espero dut, horrela frantziar agintariei mezua argi iristeko, ideologiez gaindi, talde guztiak ados gaudela ez dela onargarria diktadore anker batek Frantziako ohorerik handiena edukitzea”, azpimarratu du Koldo Martínez Nafarroako senatari autonomikoak.

    Izena eman gure buletina jasotzeko