Frantziako bizilagunek mugaldeko dendetara modu mugatuan sartzeko aukera izatea eskatu du Geroa Baik, eta mugaz gaindiko lankidetza bultzatzearen alde egin du
Jabi Arakama parlamentariak eskualdeko erronkei aurre egiteko mugaz gaindiko plan estrategiko bat lantzea proposatu du gainera
Frantziako bizilagunek mugaldeko dendetara modu mugatu eta murriztuan sartzeko aukera eman dezan eskatu dio Geroa Baik Estatuko Gobernuari, eta mugaz gaindiko lankidetzarako politika aktiboak bultzatzearen alde egin du.
Jabi Arakama Urtiaga Geroa Baiko parlamentariak mozio bat erregistratu du Nafarroako Parlamentuan, Estatuko Gobernua premiatuz deseskalatze prozesuan Nafarroako mugaldea kontuan har dezan, modu horretan merkataritza, turismo, abeltzantza, osasungintza, kultura eta familia esparruentzako malgutze neurriak lehenbailehen har daitezen, bai eta Europako mugaz gaindiko proiektuen kudeaketarako ere.
Foru ganberan datorren ekainaren 4ean eztabaidatuko den ekimen horretan, Geroa Baik Nafarroako Gobernua premiatzen du, Euroeskualdearen baitan eta eragin zuzena duten toki erakundeekin batera, mugaz gaindiko lankidetzarako politika aktiboak bultza ditzan, koronabirusaren krisialdiak gehien kaltetu dituen sektoreak, bai eta garrantzia berezia dutenak ere barne hartuz, datozen urteetarako Nafarroako eta Europako ildo estrategikoen baitan eginez hori.
Halaber koalizioak mugaz gaindiko plan estrategiko bat lantzea eskatu dio Foru exekutiboari, mugaldeko eskualde, toki erakunde, elkarte eta herritarrekin elkar banaturiko analisi batetik abiatuz, arazo eta erronka nagusiei konponbidea ematen saiatzeko; eta Nafarroako zein Espainiako gobernuak premiatzen ditu, egungo alarma egoeraren ondoren ezarri beharreko suspertze eta sustapen neurrien baitan mugen itxierak duen eragina kontuan har dezaten, kaltetutako udalerrietako herritarrentzako suspertze ekonomikoa eta enpleguaren berreskuratzea ahalik eta azkarrena izan dadila ahalbidetzeko helburuarekin.
Arakama parlamentariak azpimarratu duenez, “Europar Batasuna osatzen duten herrialdeen estatu-mugen itxiera, ekonomiarentzako eta gogo-aldartearentzako kolpe itzela izan zen frantziar estatuko mugaldean bizi diren nafar askorentzako”, eta “aisialdi, gizarte, familia, merkataritza, ekonomia eta kultura harremanak estatuko mugetatik gaindikoak izatea eragiten duten eskualde honen berezitasunengatik, muga itxiera horren ondorioak oso modu kezkagarrian nabaritu dira”, ziurtatu du.
Arakamak gogorarazi duenez, “1.200 lagunei enplegu zuzena eta beste 900ei zeharkako enplegua ematen dieten eskualde horretako merkataritza alorreko Nafarroako 50 enpresak baino gehiagok itxi egin behar izan dute, bezeroen %90 baino gehiagok herritartasun frantsesa baitute”. “Sektore hau, Bera, Urdazubi edo Luzaide bezalako udalerrietan, enplegua sortzen duen lehena da, bai eta erabateko landa-izaera duen eskualde batean herritarrak finkatzeko funtsezko faktorea ere”, azpimarratu du.
“Frantziako mugaldean dauden herritarrek ezin dute mugen irekiera orokorraren zain egon, Espainiako gobernuak, hasiera batean uztailerako iragarri duena alegia. Mugaldean bizi diren pertsonen harreman sozial eta familiarrak, jarduera ekonomiko orokorra eta, zehazki, Nafarroako zati honen merkataritza, turismo eta abeltzantza jarduerak ez du ezer ikustekorik deseskalatze prozesuan markatzen ari diren beste errealitateekin, horregatik, erantzuna haien espezifikotasunari egokitu beharra dago”, amaitu du esanez Geroa Baiko parlamentariak.
Jabi Arakama