Itzuli

GAL-i buruz informatzeko Felipe Gonzalez Senatuan ager dadin eskatu du Koldo Martinezek

Senatariaren arabera, talde terroristaren sorrerak “presidente ohiak ETAren aurka Frantziaren lankidetza lortzeko edukitako gaitasun eza agerian utzi zuen. Mitterrand konbentzitu ordez, Estatuaren zilegitasuna ahuldu zuen lasterbidea bilatu zuen"

Koldo Martínez Koldo Martínez

Koldo Martínez Nafarroako senatari autonomiko eta Geroa Baiko kideak Felipe González Gobernuko presidente ohiaren agerraldia eskatu du Goi Ganberan, azken informazioen arabera, González bera izan zela GAL talde terrorista sortzea adostu zuena ziurtatzen duen CIAren txosten bat agertu baita.

Koldo Martínez barne dagoen Izquierda Confederal taldeak (Adelante Andalucía, Més per Mallorca, Más Madrid, Compromis, Geroa Bai eta Catalunya en Comú Podem) Felipe Gonzalezek Senatuan agerraldia egin dezan eskatu du, 1984ko azaroko data daraman Inteligentzia Agentzia Zentralaren (CIA) Europarako Analisi Bulegoak sinatutako txosten batean jasotzen diren gertakarien bere bertsioa eman dezan, bertan orduko Gobernuko presidentea modu zuzenean aipatzen baita, honek “terroristen aurka legetik kanpo borrokatzeko mertzenario talde bat sortzea adostu zuela” ziurtatuz.

Gertakari batzuei buruzko bere bertsioa zein den parlamentuan azal dezan nahi dugu, bere Gobernuko hainbat kidek modu zuzenean parte hartu zutela modu judizialean frogatu baitzen

“Estatuko aparatuen aldetik GAL-en sorrerak, Espainiako Gobernuaren eta Alderdi Sozialistaren zilegitasun demokratikoa zikintzeaz gain, iparramerikar inteligentziaren txostenean jasotzen den moduan, Iparralde heriotzez josiz, Felipe Gonzálezek François Mitterrand presidente eta alderdikidearen aldetik ETAkideek Euskadiko eta Estatuko erailketa kanpainan bere herrialdea atzeguardia erabiltzea ekiditeko laguntza lortzeko eduki zuen gaitasun eza agerian uzten du”, nabarmendu du Martínezek. 

“Felipe Gonzálezek, batzuek estatu-politikari moduan agertu izan duten arren, ETAren aurka borrokatzeko lasterbideak bilatzea nahiago izan zuen, bere esfortzuak Frantziaren lankidetza poliziala bilatzen erabili ordez, horrela Frantzia ETAren operazio base bilakatzea ekiditeko. ETAkideen aurka Frantzian atentatzeko Estatuko aparatuak eta gaizkile eta OASeko kideak erabiltzeko erabakiak, antolakuntza terroristaren suspertzea ekarri zuen emaitza moduan, bertara kide berriak batuz, eta aldi berean Estatuaren zilegitasuna ahuldu zuen terrorismoaren aurka legezko bideetatik bere borrokan”.

Horregatik, “Gonzalez protagonista izan zen gertakari batzuei buruzko bere bertsioa zein den parlamentuan azal dezan nahi dugu, bere Gobernuko hainbat kidek modu zuzenean parte hartu zutela modu judizialean frogatu baitzen. Ministro bat bera, José Barrionuevo; Estatu idazkari bat, Rafael Vera;  Gobernuaren ordezkaria Euskadin, Julen Elorriaga; eta Euskadiko Alderdi Sozialistako idazkari nagusia, Ricardo García Damborenea”, ziurtatu du Geroa Baiko senatariak.

Izena eman gure buletina jasotzeko