Itzuli

Gastu sabaiari buruzko akordioa balioetsi du Geroa Baik, Nafarroaren erronka nagusiak erdian jartzen dituen aurrekontu negoziazio anbiziodun batentzako abiapuntu egokia delakoan

Ana Ollok nabarmendu du Geroa Baik proposamen ezberdinak sartu dituela negoziazioan, besteak beste industria, osasungintza, landa garapena, euskara eta memoriaren alorrekoak

    Ana Ollo Ana Ollo

    Geroa Baik modu positiboan baloratu du 2027 urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorrak direla eta gastu-sabaiaren inguruan eta bere ildo nagusien inguruan ere egondako negoziazioen emaitza.

    Ana Ollo, Geroa Baiko Batzorde Iraunkorreko kide eta Foru Exekutiboko lehendakariordeak azpimarratu duenez, negoziazio hauek “garrantzia handiko tramitea” dira testuinguru ekonomiko eta sozial aldakor baten aurrean Nafarroaren lehentasunak zehazteko balio beharko duten kontu hauen lanketan.

    Nafarroak autokonplazentzian erori gabe egin behar diela aurre bere egungo arazoei defendatu du Ollok, eta azpimarratu duenez Geroa Baik proposamen ezberdinak sartu ditu negoziazioan, besteak beste industria, osasungintza, landa garapena, euskara eta memoriaren alorrekoak, bai eta etxebizitza, hezkuntza eta gizarte politiken esparruan hainbat neurri proposatu ere.

    Ollok azaldu du gastu sabaiaren inguruan lortutako akordioa “abiapuntu egokia dela, baina ez helmuga”. Nabarmendu duenez, koalizioak jarrera zehatzarekin eta 2027 urterako aurrekontu akordioa lortzeko borondatearekin ekingo dio negoziazioaren hurrengo faseari, horrela planteaturiko lehentasunetan aurrera egitea ahalbidetuz eta egungo testuinguru ekonomiko eta sozialari erantzunez.

    Osasungintza eta inbertsioak sendotu

    Osasungintzaren alorrean, arreta maila ezberdinetan langile plantillak sendotzeko konpromisoa azpimarratu du Geroa Baik, Lehen mailako Arretan bereziki, bai eta erizaintza espezialitateen finkatzea eta hedapena ere, Familia eta Komunitate Erizaintzan arreta berezia jarriz, Osasun Komunitarioaren Estrategiaren markoarekin bat.

    Halaber, osasungintza 80 milioi inguru sartzeko konpromisoa agertu du koalizioak, Nafarroako Ospitale Gunea eta beste osasun zentro klimatizatzeko ekintzak horren barne egongo direlarik.

    Industria, berrikuntza eta trantsizio energetikoa

    Olloren esanetan Nafarroaren ekonomian ikusten hasi den moteltzearen aurrean, industria sareari, berrikuntzari, trantsizio energetikoari eta sektore estrategikoei zuzenduriko politikak sendotzea planteatzen du Geroa Baik.

    Enpresa txiki eta ertaineimodu berezian zuzenduriko laguntzak aurreikusten ditu proposamen honek, haien etapa ezberdinetan arreta jarriz, ekintzailetzatik enpresen eskalatze eta finkatzeraino, bai eta deskarbonizazio neurriak eta enpresen I+G+b-ari bultzada.

    Esparru honetan, 2027-2029 epealdirako Industriaren Deskarbonizazio Programa bat sustatzeko konpromisoa nabarmendu du Geroa Baik, etorkizunean egingo den Berraktibatze Industrialaren Planaren baitan, horretarako gutxienez 150 milioi euroko aurrekontua proposatuz.

    Lurraldea, lehen sektorea eta suteen prebentzioa

    Aurrekontuen negoziazioak ere, Geroa Bairen arabera, lurraldearen beharrizanei erantzuna emateko zuzendurik dauden neurriak jasotzen ditu, bai eta lehen sektorea laguntzeko eta Nafarroa osoan aukerak eta zerbitzuak bermatzeko ere.

    Azpimarratutako lehentasunen artean, suteen prebentziorako politiken sendotzea eta klima aldaketara egokitzea daude, prebentzioan eta aurretiazko kudeaketan oinarrituz bereziki. 

    Nekazaritza alorrean, belaunaldi-txandarako programen finkatzea nabarmendu du koalizioak, Lurberri programa aipatuz zehazki, bai eta sail ureztatuen modernizazioa ere.

    Euskara, memoria eta biktimen eskubideak

    Halaber, euskararen promozio politikak sendotzea planteatu du Geroa Baik, helduen euskalduntzerako irakaskuntza doakoa izateko bideratutako laguntzak areagotuz, bai eta toki erakundeei eta komunikabideei zuzenduriko laguntzak ere, era berean hizkuntzaren sustapenean lan egiten duten eragileen presentzia handiagoa proposatuz lurralde osoan.

    Koalizioak Rozalejoko eraikina memoria eta bizikidetza gune moduan finkatzea jartzen du bere lehentasunen artean, bai eta terrorismoaren biktimen Lege berriari loturiko neurrien garapena ere, horren bitartez biktimen eskubideen hedapena aurreikusten baita.

    Nafarroaren beharrizanei loturiko zerga politika

    Ana Ollok ere azpimarratu du gastu-sabaiaren inguruko akordioa, Nafarroaren beharrizanekin bat egongo den zerga politika batekin uztartu beharra dagoela. Zentzu honetan, Geroa Baik gogorarazi du Mahai Fiskalean hainbat proposamen planteatu dituela jada, horien artean, lehen etxebizitza erosten duten 35 urtetik beherakoentzako kenkari bat PFEZen.

    Izena eman gure buletina jasotzeko