Itzuli

Gero Baik Madrilen ahots propioa aldarrikatu du Nafarroako lehen sektorearen beharrei egokitutako nekazaritza politika bateratu bat defendatzeko

Mayte Espinosak “protagonismo handiagoa” eskatu die eskualdeei “nekazaritza eta landa garapeneko politiken planifikazioan eta kudeaketan”, eta Nekazaritza Politika Bateratuak nekazari eta abeltzain profesionalentzako laguntzak lehenestea eta belaunaldi ar

    José María Aierdi José María Aierdi

    Nekazaritza Politika Bateratu berri baten beharra aldarrikatu du gaur Geroa Baik, Nafarroako lehen sektorearen ezaugarri eta beharrei erantzungo diena, nekazaritzari eta landa garapenari bideraturiko baliabideak bermatuko dituena eta Nafarroaren autogobernu gaitasuna errespetatuko duena. Horrela defendatu du Mayte Espinosak, Geroa Bairen Senaturako hautagaiak, eta José Mari Aierdik, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen kontseilariak, alor honetan koalizioak dituen proposamen nagusiak azalduz.

    Horrela, 2028-2034 epealdirako Nekazaritza Politika Bateratuari buruzko negoziazioei erreparatu die Espinosak, ziurtatuz Nafarroak asko duela jokoan prozesu honetan. Senatuko hautagaiak zalantzan jarri du eztabaida hau formakuntza politiko jakin batzuen eskutan egotea, “haien begirada, estrategia eta agenda Estatu mailan baitago”, Nafarroako lehen sektorearen eta landa munduaren errealitate zehatzetik oso urrun.

    Horren aurrean, Nafarroaren autogobernu gaitasuna aldarrikatu du nekazaritza politika propioa diseinatzeko, modernoa, bertako nekazaritza eta abeltzantzaren ezaugarriei egokitua, gazteentzako erakargarria eta elikagaien subiranotasunerako estrategiak sendotuko dituena. “NPBren etorkizuna ezin da Madriletik edo Bruselatik EXCEL batean diseinatu gure lehen sektorearen aniztasuna eta beharrak kontuan hartu gabe”, defendatu du.

    Modu honetan, Geroa Baik Gorte Orokorretan defendatuko dituen funtsezko aldarrikapenak planteatu ditu Espinosak. Lehenik, nekazaritza politiketan %22ko aurrekontu murrizketa gaitzetsi du, bai eta landa garapenerako programa zehatzak desagertzea, Europako Batzordeak planteatu duen moduan.

    Bigarrenik, lurra lantzen duten nekazari eta abeltzain profesionalen errentei laguntzak lehenetsiko dituen NPB defendatu du, “familia-nekazaritza eta tokiko ekoizpen jasangarriaren eredu” baten alde eginez, latifundio handien azalera eskubideak mesedetzen dituen sistema baten aurrean. Halaber, gazteek lurra eskuratzeko eta sektorean sartzeko aurkitzen dituzten zailtasunen gainean ohartarazi du, NBPren laguntzak jasotzen duituen jende inaktiboa dagoen bitartean.

    Hirugarren aldarrikapen gisa, “eskualdeek protagonismo handiagoa” edukitzea eskatu du, bereziki “nekazaritza politiken eta landa garapenaren diseinu, planifikazio eta kudeaketan”, lurraldearen errealitatera egokituagoak dauden estrategiekin, politika hauen kudeaketan dagoen “Bruselako burokratizazioaren aurrean edo Estatuetan birzentralizazio saiakeren aurrean”,

    Azkenik, Madrilen Nafarroaren lehen sektorearen interesen defentsarekin Geroa Baik duen konpromisoa aldarrikatu du Senaturako hautagaiak. “Geroa Bai ez doa Madrilera inoren ildoa jarraitzera, gure nekazaritza eta abeltzantza eredu propioa defendatzera baizik eta gure lehen sektoreari etorkizuna eskainiko dion NPBren aldaketa bat eragitera”, ziurtatu du.

    Bere aldetik, José Mari Aierdi Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen kontseilariak NPB berri baten beharra defendatu du, “Nafarroaren nekazaritza eta abeltzantza tipologiara egokitua, bai eta landa eremu bizi baten garapenerako gure estrategietara egokitua ere”. Zentzu honetan azaldu duenez, bere Departamentuak proposamen bat helarazi die nekazaritza sindikatuei, kooperatibei eta nekazaritzako elikagaien industriari, Nafarroak Madrilen eta Bruselan bere jarrera propioa defendatu ahal izateko, azken urteetan garatu den “sektorearekin etengabeko elkarrizketa dinamikaren” fruitu den jarrera alegia.

    Lehen sektorea indartzeko eta landa eremua dinamizatzeko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentutik bultzaturiko ekintzak azpimarratu du Aierdik. Horien artean, “belaunaldi arteko txandaketarako Lurberri programa” nabarmendu du, gazteak sektorera iristea mesedetzeko hamabi ekintzekin, 11 milioi euroko inbertsioarekin bi urtetan eta INTIAren akonpainamendu zerbitzuekin. “Azken deialdian gazte inkorporazioen bataz bestekoa bikoiztu egin da, 130 gazte baino gehiagorekin”, nabarmendu du.

    Halaber, LEADER programaren lau deialdietan 17 milioi euroko inbertsioak azpimarratu ditu, bai eta Landa Garapen eta Despopulazioaren Foru Lege berriari bultzada ere, horrek “joko arauak landa eremuaren mesedetan aldatzeko inflexio puntua ekarriko duelarik”. Kontseilariak gogorarazi duenez, Departamentuak tokiko eragileei lehen zirriborro bat helarazi die jada, hauen artean eztabaidatu eta lantzeko.

    Elikagaien subiranotasunari eta tokiko produktuaren promozioari dagokionez, Aierdik gogorarazi du jatorri-deitura babestua eta adierazpen geografiko babestua duten produktuak ziurtatzeko laguntzak hirukoiztu egin direla 1,1 milioi eurora iritsiz, bien bitartean Reyno Gourmet zigilua duten produktuen promoziora bideratutako baliabideak ere bikoiztu egin direlarik, 2,5 milioira iritsiz.

    Azkenik, Lursail Ureztagarrien Foru Planaren eguneraketa eta azpiegitura hauek modernizatzeko inbertsioak nabarmendu ditu Aierdik, 11 milioi euro inbertitu direlarik jada Ribaforadan, eta beste 22 milioi iragarrita daude ere bigarren faserako eta Cadreitan eta Milagron hasi diren ekintzetan. “Uraren erabilera eraginkorra eta lursail ureztagarrien modernizazioa gako diren faktoreak dira” Nafarroako nekazaritza sektorearen eta nekazaritzako elikagaien industriaren lehiakortasuna eta etorkizuna bermatzeko, amaitu du azpimarratuz.

     

    Izena eman gure buletina jasotzeko