Geroa Bai 2023 hauteskundeetan egongo da erakundeetan Nafarroa aurrerakoia sendotzeko bere konpromisoa berretsiz
2023ko maiatzeko foru eta udal hauteskundeetan egongo da Geroa SozialBerdeak, EAJ-PNV eta Atarrabia Taldearen arteko akordioari esker
Geroa Baik astearte honetan iragarri du EAJ, Geroa SozialBerdeak eta Atarrabia Taldeak “behin akordio prozesua amaitu ondoren”, 2023ko foru eta udal hauteskundeetan egongo dela, erakundeetan Nafarroa aurrerakoia sendotzeko bere konpromisoa berretsiz horrela.
Iruñeko Tres Reyes hotelean egindako ekitaldian aurkeztu dute proiektu honen berriztapena Uxue Barkos Geroa SozialBerdeak formakuntzako idazkari nagusiak, Unai Hualde Nafarroako EAJko presidenteak eta Guillermo Ezquieta Atarrabia Taldeko bozeramaileak, haiekin batera María Solana eta Pablo Azcona parlamentariak ere agertu direlarik, hiru formakuntzetako beste ordezkariekin batera. Prentsaurrekora koalizioko hautetsi eta kide ugari bertaratu dira ere.
Uxue Barkosek azpimarratu duenez, akordio berri honekin “gure erakundeetan Nafarroa aurrerakoia sendotzeko gure konpromisoak berresten ditugu”. “Jada 2011an Gorte Nagusien foru ordezkaritzan Nafarroako panorama politikoa aldatu zuen proiektu politikoa finkatuz egiten dugu; 2015ean Aldaketaren Gobernuaren buru egon zena eta 2019an gehiengo aurrerakoiari Gobernuan eta Parlamentuan eustea ahalbidetu duena”, azpimarratu du.
Era berean nabarmendu duenez, hauteskundeen ondoren gehiengo aurrerakoiko eszenatoki bat errepikatzea gustatuko litzaioke, baina “Gobernu aurrerakoi horren buru egoteko anbizio argiarekin”, izan ere “bide honetan zehar, legegintzaldi honetan, anbizio falta dago autogobernuaren defentsa bezalako gaietan edo zenbait arazori aurre egiterako orduan”.
Esan duenez, “gaurkoan, Geroa Bairen batasun konpromisoa berresten dugu, eta Nafarroako gizartearen beharrizanei erantzunak emateko pauso bat gehiago emateko egiten dugu”. Horrela, herritarrek itxarote-zerrendekin, Lehen Arretan edo osasun-garraioan dituzten beharrak aipatu du, bai eta Nafarroaren subiranotasun energetikoa edo euskararen finkapenean, Nafarroaren eskumenetan eta I+G+b eskumenaren transferentzian aurrera egiteko ekintza bateratuaren beharra ere”, beste gai batzuen artean.
Barkosek adierazi duenez “Nafarroako erakundeetan aldaketa finkatzeko pauso bat ematea” bilatzen dute, eta zehazki udal esparruan eta Iruñerriko udaletan. “Lehian aritzeko konpromisoa dugu, hauteskunde prozesuari egonkortasun politiko handienarekin aurre egiteko konpromisoa, elkarrizketaren, lanaren eta ezberdinen arteko konpromisotik”, azaldu du.
Bere aldetik, Unai Hualdek adierazi du “gaurkoa egun handia·” dela, “Geroa Bai nafarron hauteskunde aukeren artean egongo baita berriro ere”. “Esparru abertzale eta aurrerakoiko pertsonen arteko elkar ulertze anitza” nabarmendu du, horrek jada bere garaian “biraketa historikoa eman ziolarik erregimen zaharreko Nafarroari, bere errealitatea hobe ordezkatzen duen Nafarroa anitz eta plural baterantz begira jarriz”.
Baloratu duenez, “koalizioa sendotzeko bokazioarekin egiten dugu”. “Konbentziturik gaude gure koalizioa positiboan eraikiko den etorkizun baterako erabakigarria izaten jarraituko duela”, azpimarratu du Hualdek, aldi berean gogoraraziz Nafarroako panorama politikoan badirela “Geroa Baik enbarazu egiten dion aktorerik, eraikitakoa finkatzeko formularik hoberena baita”.
Nafarroako EAJko presidenteak “hiru alderdien arteko akordio” hau balioetsi du, “herritarren aurrean anbizioz aurkezten jarraitzeko erronkari aurre egitea” ahalbidetzen baitu. Barne lan “bizi” baten ondoren, “garaiz eta modu egokian egin dugu, hauteskundeetatik bost hilabetera”, nabarmendu du.
Azkenik, Atarrabia Taldeko Guillermo Ezquietak adierazi duenez, “duela hamar urte baino gehiago egin genuen proiektu honen aldeko apustua, gure herrietako errealitate ezberdinak ulertzen dituen proiektu bat, gure tokiko erakundeak entzunez”. “Geroa Bai Nafarroa anitzean sakontzeko beharrezkoa den eragilea da, bere hizkuntza eta nortasunarekin harro dagoen Nafarroan sakontzeko”, azpimarratu du, aldi berean “Nafarroarentzako beharrezkoa den proiektua” dela ziurtatuz.
Uxue Barkos