Itzuli

Guardia Zibilak gaur Altsasun egindakoa "show propagandistikoa, beharrik gabekoa eta mendekatia" dela esan du Geroa Baik

Unai Hualde Unai Hualde

Geroa Baik ziurtatu du gaur goizean Altsasuko gazteen atxiloketak “beharrik gabeko polizia operazio propagandistikoa eta mendekatia” izan dela. “Gaur gertaturikoek kasu honen salbuespentasun judiziala eta poliziala frogatzen dute berriro ere, eta behar den toki guztietan salatzen jarraituko dugun neurrigabetasuna frogatzen dute ere”, azpimarratu du Unai Hualde Altsasuko alkate ohi eta Geroa Baiko Foru Parlamentariak.

“Guardia Zibilak, Auzitegi Nazionalaren aginduz Altsasun beste atal negargarri bat protagonizatu” izana deitoratu du Hualdek, “Julen Goikoetxea, Aratz Urrizola, Jon Ander Cob eta Iñaki Abad gazteak bere parafernalia propagandistiko guztiarekin atxilotu ondoren. Kasu hau inguratzen duen guztia neurrigabea, gehiegizkoa eta zeharo lotsagarria da, are gehiago Auzitegi Nazionala berak aitortu behar izan duenean ez gaudela terrorismoarekin zer ikustekorik duen gertakarien aurrean”.

Hualdek gaineratu duenez “deklaratzera joateko zitazio batekin nahikoa izango litzateke eta kasu honetan ‘ihes egiteko arriskua’ dagoela esatea kasuaren aurrekariak ikusi ondoren adimenari iraina da. Hala ere, batzuek show-a egiten jarraitzeko beharra dute kontakizun politiko eta mediatiko jakin batzuk elikatzeko, atxilotuak terrorista anker moduan tratatuz, Auzitegi Nazionala bera izan denean ez direla aitortu duena”.

Foru parlamentariak iragarri du bidegabekeria ikaragarri eta nabarmen hau salatuko duten mobilizazio guztietan egoten jarraituko duela Geroa Baik, hasiera batetik jardundako filosofiarekin ahalik eta batasun handiena lortzeko helburuarekin. “Familiak, lagunak eta Altsasuko herri guztia babesten jarraituko dugu justizia eskatzea beste helbururik ez duen eta etsiko ez diogun bidean”, ziurtatu du.

Azkenik, Unai Hualdek deitoratu duenez behin berriro ere “goiz guztia Guardia Zibilak hartua egon da Altsasu beharrik ez zuen operazio batekin eta berriro ere gure herria komunikabideen jomugan jarriz”.

Izena eman gure buletina jasotzeko