Nafarroan egonkortasun politikorako eragile izaten jarraitzen du Geroa Baik
Legegintzaldiko lehen urtea igaro ondoren, gobernu aurrerakoi eta plural bat izateko funtsezko papera jokatzen jarraitzen du koalizioak.
Geroa Baik nabarmendu duenez, legegintzaldiko lehen urte honetan Nafarroak aurrean dituen erronketako batzuetan aurrera egiteko oinarriak jarri dira. Pablo Azconak gogorarazi duenez, “duela urtebete gobernu aurrerakoi eta pluralarekin beste legegintzaldi batez jarraitzeko apustua egin genuen”, bertan egonkortasunerako eragile argia dela frogatu duelarik Geroa Baik, “eta horren garrantzia azpimarratu nahi dugu, inguratzen gaituen panorama politikoa nola dabilen ikusita”.
Kideekin ezberdintasunak dauden arren eta horregatik “adostasunak bilatzera beharturik jarraitzen dugun arren”, María Solanak gaineratu duenez akordioa ezin zen edozein modutan egin, horregatik iaz bizi zen negoziazio sutsua. Eta izan ere, txeke zuri bat eman izango bagenu, euskara bezalako gai garrantzitsuetan zer gertatuko litzatekeen planteatu beharko genioke geure buruari.
Datozen hilabeteetarako Geroa Bairen lehentasunen artean osasungintza dago, “nafar gizartearentzako ere lehentasuna baita”, azpimarratu du Azconak, aldi berean nabarmenduz “lehentasun osokoa dela ere fiskalitatea, familiek eta lanaren errentek bizi duten errealitatera egokitzea”.
Halaber, Geroa Bairentzako lehentasuna izaten jarraitzen du azpiegitura handien alde lan egitea eta, zentzu honetan, “ezinbestekoa” deritzo Prestazio Handiko Trenaren ibilbidearen inguruan eta ‘Euskal Y’-rekin lotzeko beharrezkoak diren ingurumen azterlanak burutzea.
Era berean, koalizioak beste lehentasun ugari nabarmendu ditu, hala nola autogobernua, oroimenaren politika publikoak, despopulazioaren aurkako borroka, hazkunde eta eraldaketa positiboko unean dagoen industriaren garapena edo tokiko maparen garapena.