Eguesibarreko Geroa Baik gobernu plural eta aurrerakoia berreskuratzeko asmoa du eta horretarako gazteria, ongizate soziala, kultura, kontzejuak edo osasungintza nabarmendu ditu bere programan
Joseba Orduña Alkatetzarako hautagaiak salatu duenez “2019an Alkatetza Navarra Sumari emateko PSNren erabakiak Udala geldotasunean eta paralisian utzi du”
Joseba Orduña Eguesibarreko Alkatetzarako Geroa Bairen hautagaiak Eguesibarren gobernu aurrerakoi eta plurala berreskuratzeko eta bere buruan jartzeko koalizioak aurkeztu duen programaren ildo nagusiak azaldu ditu gaur; anbizio handiko programa eta bere ardatz nagusiak gazterian, ongizate sozialean, udaleko langileengan, Kulturan, kontzejuei arretan eta Osasungintzan oinarritzen dituena.
Gazte Zentroari edukia eman, eskola zentroekin batera prebentzio programak edo aukera berdintasunerako programak bultzatu, bailarako zerbitzuak egungo populazioaren arabera birdimentsionatu, bereziki kalteturik dauden zerbitzuen beharrei erantzuna eman, hala nola Familientzako Arretarako Zentroa eta Udaltzaingoa, herri zaharreko etxe bat zaharberritu bertan liburutegia kokatzeko, kontzejuak berriro ere kontuan hartu edo Erripagañan Osasun Etxe bat eraikitzeko lanean jarri dira Geroa Baiko alkategaiak gaur prentsaurrekoan azaldu dituen proposamenetako batzuk, berarekin batera Uxue Barkos Geroa Bairen hautagaia eta Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzarako hautagaia ere egon delarik.
Orduñak ziurtatu duenez, “herriaren eta Udalaren erronka nagusia gazteria da”, kontuan izanik Eguesibarreko herritarren %32 baino gehiagok 20 urte baino gutxiago dutela. “Gazte Zentro baten eraikuntza iragarri den arren, lau urtez kaxoian daraman proiektua da eta berandu iritsi dela deritzogu, gure ustez zentro horri edukia ematea da garrantzitsuena”, azpimarratu du.
Zerbitzuak bailarako egungo populazioaren arabera birdimentsionatzea da Orduñak aurreratu duen beste proposamenetako bat, adibide moduan Etxez-etxeko Arreta Zerbitzua jarriz, bere erabilerak, bere garaian 5.000 herritar zituen bailara batentzako dimentsionatua, azken urteetan gora egin baitu. “Gizarte Zerbitzuek modu egokian funtzionatzen dute, baina horiek birdimentsionatzea beharrezkoa dela deritzogu, herritarren babesgabetasun maila ahalik eta txikiena izan dadin”, azpimarratu du.
Ildo honetan gainera, alkategaiak Udaleko alor guztien auditoretza orokor bat burutzea proposatu du, horrela zerbitzuak bailarako biztanle kopuruaren arabera modu egokian dimentsionatzeko.
Kulturari dagokionez, Geroa Bairen hautagaiak proposamen ugari aipatu ditu, hala nola Kultura Etxearen lehen fasea burutu, “gure iritziz auditorioa izan behar duena, kulturaren promozioa eta gizarte kohesioa mesedetzeko”; herri zaharreko etxe baten zaharberritzea bertan Sarrigurengo liburutegia kokatzeko “bailarako herritar kopuruaren arabera egokitua”; bai eta haur eta gazteentzako euskarazko jarduera gehiago, “egun dagoen eskaintza eskasa baita”.
Halaber, Orduñak gogorarazi duenez, “Eguesibar osatzen duten kontzejuak udalaren aldetik bazterturik egon dira azken lau urteetan”, eta “Geroa Baik gobernatu zuen legegintzaldian zuten arreta berreskuratzeko” bere konpromisoa agertu du.
“Ez dugu Erripagaña ahaztu nahi. Bere idiosinkrasia berezia dela eta, udalen arteko lankidetzarako formulak bilatu behar ditugu, horrela bertako herritarren beharrei erantzuna ematea lagunduz”, nabarmendu du. Zentzu honetan gainera, Orduñak aurreratu duenez “Nafarroako Gobernuak Erripagañako Osasun Etxea martxan jartzeko lan egingo du Geroa Baik, auzoko herritarrek behar duten zerbitzua baita eta horrekin Sarrigurengo Osasun Etxearen egoera arinduko baita ere”.
LEGEGINTZALDIAREN BALANTZEA
Geroa Baiko alkategaiak gainera, amaitzear dagoen legegintzaldia “udalaren geldotasunak zeharo markatua izan dela” baloratu du. “Legegintzaldi hau pandemiak markatu badu ere, ezin ahaztu dezakegu udalaren geldotasunak markatu duela udal gobernuaren egunerokoa”, azpimarratu du.
Zentzu honetan salatu duenez, “2019an, udal gobernu aurrerakoia eratzeko zenbakiek aukera ematen zuten arren, PSNk bere alde bozkatzeko erabakia hartu zuen edo, gauza bera dena, alkatetza Navarra Sumari ematea”. “Erabaki hau, garrantziarik gabekoa dirudien arren, Eguesibarreko Udala erabateko paralisian murgildu du bere alor guztietan”, azpimarratu du Orduñak, aldi berean gogoraraziz “PSNk gobernu taldeari oxigeno baloi bat ematea erabaki zuela 2021eko Aurrekontuak onartuz, hori de facto UPNren aldetik burutzen ari den jarduerari bere onarpena ematea delarik”.