Geroa Bai, EH Bildu eta Contigo-Zurekin taldeek biometano plantentzako luzamendua hedatzea proposatu dute planifikazio orekatu eta jasangarria bermatzeko
Hiru parlamentu taldeek lege proposamen bat erregistratu dute biometanizazio planta berrien ezarpena bertan behera uztea luzatzeko, Nafarroarentzako erregulazio integral bat egiten ez den bitartean
Geroa Bai, EH Bildu eta Contigo-Zurekin taldeek lege proposamen bat erregistratu dute Nafarroako Parlamentuan biometanizazio plantak ezartzeko luzamendua hedatzeko, Foru Komunitatean instalazio hauen ezarpen orekatua, ordenatua eta jasangarria bermatzeko helburuarekin.
Hiru taldeek gogorarazi dutenez, UPN eta PSN taldeek onartutako luzamenduarekin bere zalantzak agertu zituzten jada, horren iraunaldia, urtebetekoa, ez baitzuten nahikotzat jo fenomeno konplexu honi zorroztasunez heltzeko, kontuan izanik inplikazio garrantzitsuak dituela lurraldeari, ingurumenari eta gizarteari dagokienez. Halaber, araudi hark proiektu zehatzak kanpoan uzten zituela adierazi zuten ere, sektorearen planifikazio koherente bati laguntzen ez dioten desberdintasun egoerak sortuz.
Luzamendua 2028ko abenduaren 31ra arte hedatzea planteatzen du lege proposamenak, horrela Nafarroak arau marko espezifiko bat lantzeko denbora nahikoa eduki dezan, biometano planten ezarpena, dimentsionamendua, kontrola, partaidetza publikoa eta planten eraginaren ebaluazioari buruzko irizpide argiak ezarriz.
Lege proposamena bultzatzen duten taldeen iritziz, biometanoak paper garrantzitsua jokatu dezake trantsizio energetikoan eta nekazaritza eta abeltzantzako hondakinen kudeaketa arduratsuan, baina horren garapena planifikazio publiko zorrotz baten baitan egin beharra dago, lurralde oreka bermatuz, bai eta ingurumenaren babesa eta kaltetutako herriekin bizikidetza.
Luzamenduaren iraunaldia handitzea planteatzen du proposamenak, berdintasun printzipioa bermatzeko eta Nafarroan ezarri daitezkeen biometanizazio planta guztiek exijentzia maila berari erantzun diezaioten.
EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeek azpimarratu dutenez, azken hilabeteetan zehar lan tekniko eta instituzional garrantzitsua garatu da, entzute prozesuekin batera, azken hauetan toki erakundeak, nekazaritza eta abeltzantza sektoreak, enpresa sustatzaileak, bizilagun plataformak eta antolakunde ekologistak egon direlarik. Horrek guztiak agerian jarri du arau marko zorrotz bat artikulatzeko beharra dagoela, gizarte osoaren eskaera uztartzen ahalbidetuko duena eta modu argi eta sistematikoan eginez gainera.
Segurtasun juridikoa ekarriko duen araudia, herri partaidetza bermatuko duena eta egun dauden kezkei erantzungo diena, hala nola planten dimentsionamendua nolakoa den, herri guneetara distantzia, paisaiarengan eragina, ekarriko duen trafikoa, araztutakoen kudeaketa, hondakinen trazabilitatea edo usainen kontrola. Horregatik guztiagatik, taldeek beharrezkoa deritzote luzamendua hedatzea, alor honi buruzko partaidetza prozesu zabal bat garatzeko, ahalik eta adostasun maila handiena lortzeko eta araudi zorrotz bat mesedetzeko.
Hiru parlamentu taldeek trantsizio ekologiko zuzen eta ordenatu batekin haien konpromisoa berresten dute horrela, energia berriztagarriei bultzada, lurraldearen babesa eta nafar herritarren ongizatea uztartuko dituen trantsizioaren alde eginez.