Itzuli

Geroa Bai, EH-Bildu eta PSN udal taldeek Covid-19aren batzordea lehenbailehen deitzea eskatu dute

Iruñeko udal taldeen iritziz galdutako aste bakoitzak Gobernu taldearen ekimen gabezia agertzen du

    Patxi Leuza Patxi Leuza

    Pasa den irailaren 3an, Iruñeko Udalbatzak oposizioko taldeen adierazpen bateratua onartu zuen “izaera ez-iraunkorra duen Covid-19aren Batzorde bat sortzeko”, bere helburua “pandemiak hiriarengan duen eragin sozial eta ekonomikoa aztertzea delarik, bai eta birusaren ondorio sozial eta ekonomikoen aurrean udal neurri eraginkorrenak eztabaidatu, adostu eta ezartzea ere”.

    Orain, ia hilabeteren ondoren, Gobernu taldeak batzorde hori deitu gabe jarraitzen du. Oposizioko taldeen iritziz “analisirako gune hau inoiz baino beharrezkoagoa da, Covid positibo kopuruaren hazkundea dela eta, bai eta herritarren hein handi baten bizi proiektuak suntsitu dezakeen egoera dela eta ere, egunero sektore ezberdinek jakinarazten diguten moduan”.

    Egoera honi aurre egiteko helburuarekin, Covid -19aren Batzordea “hiru funtsezko alorretan jarriko du arreta: osasunari dagozkion datuak, izaera soziala duten datuak eta izaera ekonomikoa duten datuak, hots merkataritzaren egoera edo langabeziaren handitze aurreikuspenak”, azaldu dute.

    Argudio guzti hauekin, azpimarratu dutenez, “agerikoa da organo hau lehenbailehen deitu beharra dagoela, Iruñeko hiriak aurre egin beharreko erronka konplexuenetako baten aurrean galdutako aste bakoitzak Udalaren ekimen eza agertzen baitu”. Horregatik, datorren astearteko Herritarren Batzordean adierazpen bat aurkeztu dute, Gobernu taldea premiatuz “Covid-19aren Batzordea lehenbailehen dei dezan, organo hau eratzeko helburuarekin eta horrela lanean hasi ahal izateko”.


     

    Izena eman gure buletina jasotzeko