Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta I-E parlamentu taldeek Antzineko alkateari elkartasuna helarazteko adierazpena aurkezten dute
Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta I-E parlamentu taldeek, Nafarroako Gobernua sostengatzen dutenak alegia, adierazpen instituzionala aurkeztu dute foru Parlamentuak bere “elkartasuna” adierazteko alkateari, udalbatzari eta Antzineko herri osoari, udalerrian agertu diren euskararen aurkako paskinetan “jaso dituen irain larriengatik”.
Datorren asteleheneko Mahai eta Eledunen Batzarrean eztabaidatuko den ekimenean, Gobernuko lau kideek ere Foru Ganberari eskatzen diote “ideia politikoak zabaltzeko mekanismo moduan paskin anonimo iraingarrien banatzea” gaitzetsi dezan eta “lurralde honetako aniztasun politikoarekin begirunetsuak diren eztabaiden” alde egin dezan.
Hirugarren puntu batean, Parlamentuak “Antzineko udalbatzaren gehiengoaren erabaki demokratikoa Euskararen Legeko Eremu Mistora sartzeko” bere “errespetua” adierazi dezan planteatzen du.
Halaber, laukoaren nahia da Nafarroako Parlamentuak berriro ere euskara “gure Komunitateko hizkuntza propio moduan” aldarrikatu dezan, “berriki Antzineko udalak onartu duen mozioak dioen moduan” eta “bere erabilera eta garapena mesedetzeko politikak” defendatu ditzan.
Foru Ganberak pertsonen arteko bizikidetzarako deia egitea bilatzen du ere, “bere kokapen ideologikoa edo jatorri kulturala dena delakoa ere, hori nafar gizartearen aberastasunaren eta aniztasunaren isla moduan bakarrik uler bait daiteke”.