Itzuli

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos, Izquierda-Ezkerra eta PSN taldeek Gobernu zentralari eskatu diote Hazte Oír erakundeari “erabilera publiko” aitorpena erretiratu diezaion

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta Izquierda Ezkerrak mozioa erregistratu dute Nafarroako Parlamentuan Estatuko Gobernuari eskatzeko “bere Barne Ministerioaren bidez Hazte Oír erakundeari erabilera publiko aldarrikapena ken diezaion”.

Bigarren puntu batean, mozioaren proposatzaileek eskatu dute foru Ganberak erakunde publiko eta pribatu guztiei eska diezaien, bereziki Nafarroako Gobernuari eta Estatuko Gobernuari, “LGTBI+ pertsona guztien eskubide osoak aitortzeko pausoak eman ditzaten, bereziki bazterkeriarik ez jasotzeko eskubidea eta  bere errealitatearen normalizaziorako eta ulermenerako eskubidea eta adin txikiko transexualena ere”.

Ebazpenaren zioen azalpenean, foru Exekutiboa sostengatzen duten lau alderdiek eta PSN-k gogorarazten dute “Barne Ministerioak, une honetan Jorge Fernández Díaz buru duenak, 2013ko maiatzean erabaki zuen Hazte Oír elkarteari erabilera publiko aitorpena ematea”.

Elkarte horrek “bere ibilbidean zehar LGTBI+ kolektiboak patologizatzeko, estigmatizatzeko eta azken finean, jazartzeko zuzendurik zeuden ekimenak burutu ditu (Lesbiana, Gay, Transexual, Bisexual eta Intersexual diren pertsonak)”.

Horrela, proposatzaileek nabarmentzen duten moduan, “pertsona transexualak oraindik gehiago estigmatizatzeko tamalez ’gorrotoaren autobus’ moduan ospetsu egin den autobus horretaz gain, Hazte Oír elkarteak abortu eskubidearen aurkako kanpainak bultzatu ditu ere, bai eta sexu bereko pertsonen arteko ezkontzen aurka edota zelula enbrionarioekin ikerketaren aurka (helburu terapeutikoetarako egiten denean ere),  besteak beste, euren etika ultrakontserbadore zorrotzetik ihes egiten duen oro debekatzeko beste ekimenen artean”.

Bere iritziz, “erabilera publiko aitorpena, elkarte horrek inondik inora merezi ez duen aldarrikapen morala eta sinbolikoa izateaz gain, antolakundearen diru emaileek emandako lehen 150 euroen %75 eta zifra horretatik gora emandakoaren %30 eta%35 arteko desgrabazioa egiteko aukera ematen da”.

“Aitortza horrek, praktikan, bultzada handia eman zion Hazte Oír elkarteari, 2012 urtean 1,5 milioi jasotzetik 2,6 milioi jasotzera pasa baitzen 2015 urtean”, ziurtatu dute Geroa Bai, EH Bildu, Podemos, PSN eta I-E taldeek.

Hazte Oír elkartearen autobusa Iruñetik pasa eta egun bat ondoren erregistratu dute bost formakuntzek mozio hau Nafarroako Parlamentuan, tentsio uneak eragin baitzituen eta arrautzekin eta oihuekin egin baitzitzaion harrera transexualen aldeko talde baten aldetik. 

Izena eman gure buletina jasotzeko