Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Orain Bai eta I-E taldeek PSN-ri eskatu diote inbertsio jasangarrien legea onar dezan
Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Orain Bai eta Izquierda-Ezkerra taldeek, Foru Gobernua sostengatzen dutenek alegia, finantzarioki jasangarriak diren inbertsio planari buruzko haien lege proposamena defendatu dute, ostegun honetan Foru Parlamentuko osoko bilkuran eztabaidatuko da eta, eta arau honi babesa ematea eskatu diote PSNri.
“Estatuko Gobernuaren aldetik baimen hori eman behar izatea ez dugu ez beharrezkoa, ez nahitaezkoa, ez eta politikoki legezkoa denik ikusten. Proposatzen ditugun inbertsioek legezkotasun osoa dute eta hori ausardia eta sinesmen osoz defendatuko dugu”, azaldu du Koldo Martínez Geroa Baiko parlamentuko bozeramaileak, EH Bilduko Adolfo Araiz, Podemos Orain Baiko Laura Pérez eta Izquierda-Ezkerrako Marisa de Simón parlamentariekin egin duen prentsaurrekoan.
Martínezek defendatu duenez, Nafarroak “ez du gastu araua hautsi” eta bere iritziz “hori esatea, PPren Gobernuak egiten zuen egongkortasun legearen interpretaziorik murriztaileenari babesa ematea da”. “Hori iraganeko gauza zela uste genuen, edo gutxienez horrela izan beharko lukeela. Gastu arauaren ez betetzea ez du Nafarroako Gobernuak edo Espainiako Gobernuak esaten, bi aldeko bileran erabakitzen da”, argudiatu du.
Gainera, kritikoa izan da María Chivite PSNko idazkari nagusiarekin, eta kritikatu du “inbertsioak behar zen tokian defendatzea urtarrilean Nafarroako Gobernuari eskatzen zion alderdi berbereko bozeramaile berberak”, orain lege proposamen hau “arduragabea” dela esatea, “finantzarioki jasangarriak diren inbertsio zehatzak proposatzen baititu eta herritar guztien onurarako baitira”.