Itzuli

Geroa Baik, EH Bilduk eta PSNk Udal Gobernu taldearen ezintasuna eta utzikeria salatu dute, bonu kulturalen kanpaina martxan ez jartzeagatik

Taldeek eskatu dute Merkataritza eta Turismo Arloak, Kultura Arloarekin elkarlanean, kultura-sektoreari zuzendutako bonu-kanpaina bat sustatzea, bonu-kanpainen soberakinekin finantzatuta

    Patxi Leuza Patxi Leuza

    Geroa Baik, EH Bilduk eta PSNk "Gobernu Estrategikoko, Merkataritzako eta Turismoko zinegotziaren eta kultura zinegotziaren ezintasuna eta utzikeria" salatu dute, "kultur sektoreari zuzendutako kanpaina ez egiteagatik". Era berean, udal-taldeek "Merkataritza eta Turismo arloari eskatzen diote, Kultura Sailarekin koordinatuta, kultura-sektoreari zuzendutako bonu-kanpaina bat landu eta sustatzeko, bonu-kanpainen soberakinekin eta/edo establezimendu seguruak sustatzeko diru-laguntzen aurrekontuarekin finantzatuta".

    Udal taldeek azpimarratu dute merkataritza, ostalaritza eta kultura sektoreak bortizki kolpatuak izaten ari diela egungo krisian, eta kultur arloa dela pandemia honen biktima nagusienetako bat. Hori dela eta udal taldeek "kultur sektorea babesteko" konpromisoa hartu dute eta irmoki baieztatu dute: "Kultura, gizartearen garapenerako ezinbestekoa izateaz gain, lan gabe geratu diren pertsona askori lana emateko motor ekonomikoa da".

    Udal taldeek gogorarazi dutenez, "joan den maiatzeko osoko bilkuran merkataritzari laguntzeko ezohiko neurri eta inbertsio sorta bat onartu zen, 1,8 milioi euroko kostuarekin, krisiak tokiko ekonomian izan zituen ondorioak arintzeko". Gaineratu dute "merkatariek, Merkataritza alorreko zinegotziak eta oposizio  taldeek egindako bilera teknikoan, salbuespenezko neurri-sorta hori onartu zenean merkataritza, ostalaritza, turismo eta kultura sektoreei babesa emateko konpromisoa hartu zen”.

    Udal taldeek adierazi dutenez, "kultur sektoreak pertsona askori ematen die lana eta Iruñeko herritarrei kohesio soziala, ezagutza eta aisialdia bermatzen dizkie". Hori dela eta, "ulertezina" da "partida ekonomikoak egonda, zinegotziek utzikeria horrekin jokatu izana", adierazi dute.

    Izena eman gure buletina jasotzeko