Itzuli

Geroa Baik, EH Bilduk eta PSN-ek COVID-19 batzorde berezia 15 egunetan biltzeko eskera bateratua egin dute

Gobernu-taldeak hiru puntu hauen araberako egungo egoeraren azterketa aurkez dezala eskatu dute: osasun-datuak, gizarte-zerbitzuak eta ekainean onartutako Covid neurrien betearazpena

    Patxi Leuza Patxi Leuza

    Geroa Bai, EH-Bildu eta PSN-PSOE udal taldeek COVID-19 batzorde berezia 15 eguneko epean deitzeko eskaera bateratua aurkeztu dute Udaleko Idazkaritza Nagusian. Osoko Bilkuraren Erregelamendu Organikoa eta joan den irailaren 3ko Osoko Bilkuraren erabakia jarraituz, korporazioaren herena baino zinegotzi gehiagok sinatu dute eskaera (zehazki, 27 zinegotzietatik 14k), eta hiru puntuko gai-zerrenda bat jasotzen du. Batzorde horren helburua da "pandemiak hirian duen eragin sozial eta ekonomikoa aztertzea, eta ondorio sozial eta ekonomikoei aurre egiteko udal mailako neurri eta estrategia eraginkorrenak eztabaidatzea, adostea eta ezartzea".

    Gai-zerrendako lehen puntuak eskatzen du gobernu-taldeak Iruñeko pandemiaren eraginari buruzko datu orokorrak azal ditzala, funtsezko hiru alderditan zentratuz: osasun-datuak eta horien bilakaera, kutsatzeak, ospitaleratzeak, heriotzak, zaharren egoitzetako egoera eta harrera-aterpeak barne. Era berean, izaera sozialeko datuak eskatzen dira, egindako laguntza-eskaerak, elikagai-bankuaren egoera edo jantoki sozialaren bilakaera barne; hirugarrenik, izaera ekonomikoko datuak eskatzen dira, tokiko merkataritzaren, ostalaritzako eta hoteletako sektorearen egoeraren analisia edo langabeziaren igoeraren aurreikuspena barne.

    Gai-zerrendako bigarren puntuak gobernu-taldearen azalpen bat eskatzen du: "Gizarte Zerbitzuen eta Gizarte Ekintzaren arloetan sortutako behar berriak eta datozen hamabi hilabeteetarako beharrezko baliabideen aurreikuspena". Hirugarren puntuak eskatzen du Ekonomia eta Ogasun arloak, saio horretan bertan, azterlan bat aurkez dezala, "joan den ekainean onartutako COVID-19 aurrekontu-aldaketen eta 2020ko aurrekontu-ekitaldi honetako diru-sarreretan aurreikusitako eraginaren aurrekontu-betearazpenari buruzkoa".

    "Azken egunotako Nafarroako datuak, Covid 19aren kasu positiboei dagokionez, kezkagarriak izan dira eta goranzko joera argia erakusten dute", azaldu dute eskaeraren azalpenean, "Inflexio-puntu batean gaude", eta horren aurrean premiazkoa da "ezohiko prebentzio, kontrol eta zaintza neurriak aztertzea eta antzemandako beharren aurreikuspenen diagnostikoa egitea hedapena geldiarazteko”.

    Deialdiaren eskaerarekin batera, batzorde berezian hiru taldeetako ordezkariak izendatuko dira. Geroa Bairen aldetik, Patxi Leuza bozeramailea; EH Bilduren aldetik, Joseba Asiron, Joxe Abaurrea eta Eva Aranguren zinegotziak joango dira; PSNren aldetik, Maite Esporrin eta Xabier Sagardoy.

    Izena eman gure buletina jasotzeko