Geroa Baik, EH Bilduk eta PSNk indarkeria sexistaren aurkako prebentzio- eta jarduera-protokoloak egitea eskatu dute gaueko aisialdi pribatuetan
Gogorarazi dute Udalaren Berdintasunerako Plan Operatiboen helburu argia dela, eta 2019tik bultzada geldirik dagoela
Geroa Bairen, EH Bilduren eta PSNren udal-taldeek defendatuko dute Udalak lehentasuna eman diezaiola, aurten, jaietako eta gaueko aisialdi pribatuko eremuetan indarkeria sexistaren aurkako prebentzio- eta jarduera-protokoloak egin eta ezartzeari. Adierazpena bihar eztabaidatuko da Herritarren Gaietarako Batzordean, eta lan hori Iruñean emakumeen aurkako indarkeriari heltzeko Talde Iraunkorraren bitartez egitea proposatzen du.
Dani Alvesen kasuak agerian utzi du, proposamena egin duten taldeen ustez, “sexu-erasoen eta eraso sexisten aurkako protokolo argi eta ongi artikulatua gaueko aisialdi pribatuko gune batean izatea oso baliagarria dela gertatzen diren erasoei arin eta eraginkortasunez erantzuteko”. “Kasu honetatik ondorioren bat atera badezakegu, ondo artikulatutako protokolo batek funtzionatzen duela eta emakumeei bermeak ematen dizkiela, hari esker biktimari berehala arreta eman zitzaiola, espazio seguru batera eraman zela eta arreta profesionalizatzeko urrats guztiak azkar egin zirela” gogorarazi dute.
Adierazpenaren arabera, 2019an proba pilotu bat egin zen Iruñeko ostalaritzako hainbat establezimendutan, pandemiaren ondorioz jarraipenik izan ez zuena. Hala ere, protokolo horren sorrera “behin eta berriz sartu da Berdintasunerako Plan Operatiboetan. Aurreko agintaldian garatutako lehen proba pilotu hartatik denbora igarota, eta gaueko aisialdian normaltasuna berreskuratuta, bada garaia eraso sexisten aurkako protokoloak ahalik eta ostalaritzako eta aisialdiko lokal gehienetan ezartzeari lehentasuna” emateko, diote proposatzaileek.
“Hitzetatik ekintzetara pasatzeko eta ostalaritza-sektorearekin lan egiteko unea da, aisialdi pribatuko espazioetan emakumeen askatasuna bermatzeko, eta hori urratzen bada, arreta azkarra, profesionala eta eraginkorra bermatzeko”. Helburu hori betetzeak establezimenduetako erabiltzaileak “askeago eta berdinago bihurtuko ditu jaietako eta gaueko aisialdiko testuinguruetan, eta zigorgabetasun-espazioak murrizten joango dira”, testuaren arabera.