Itzuli

Geroa Baik, EH Bilduk eta PSN-k hiriko bankuak LGTBI banderaren koloreekin margotzeko eskatu dute kolektiboek proposatu bezala

Udal-taldeek nabarmendu dutenez diskriminazioa jasaten jarraitzen duen kolektibo hau ikusaraztea eta hiriko altzarien bidez pedagogia egitea dira ekimen honen helburuak

    Javier Leoz Javier Leoz

    Geroa Baik, EH Bilduk eta PSNk adierazpen bat aurkeztu diote Hirigintza Batzordeari, kolektiboaren lankidetzarekin batera, LGTBI banderaren koloreak dituzten bankuak margotzeko Iruñeko erdigunean, LGTBI kolektiboaren askatasunaren, duintasunaren eta errespetuaren aldeko borrokaren alde.

    Udal taldeek azaldu dutenez, "ekimenaren helburua bikoitza da: alde batetik, oraindik diskriminazioa eta gaitzespen soziala jasaten duen kolektibo bat ikusaraztea, eta bestetik, hiriko altzarien bidez pedagogia egitea". Tadeek aitortu dute keinu xumea dela baina Udalak askatasunaren, duintasunaren eta LGTBI+ kolektiboaren aldeko borrokaren aldeko konpromiso irmoa duela erakusteko balio duela.

    Oposizioko taldeek gogorarazi dutenez, "adierazpena gehiengoz onartu bazen ere, Navarra Sumak adostutakoa ez errespetatzea erabaki zuela egiaztatu ondoren oposizioko taldeek adierazpen bera aurkeztu zuten iazko azaroaren 25ean, eta orduko hartan gobernu taldeak bere jarrera zuzendu eta aldeko botoa eman zuen".

    Geroa Baik, EH Bilduk eta PSNk beste gauza ere bat nabarmendu dute: "Adierazpen horrek berekin zekarren LGTBI+ kolektiboen proposamenekin lan egiteko baldintza, eta horixe da, hain zuzen ere, gobernu taldeak bete ez zuena". Halaber, "ikusgarritasuna lortzeko, beste hiri askotan egin den bezala, kolektiboek honako kokaleku hauek proposatu zituzten: udaletxe plaza, Gaztelu plaza, Sarasate pasealekua, Carlos III, Zaldi Zuria, Ziudadela, Baiona etorbidea edo Takonera".

    "Gobernu taldeak, beste behin ere, parte-hartze prozesuekin eta herritarren iritziarekin duen begirune eskasa erakutsiz, LGTBI kolektiboen proposamenei muzin egin die, eta auzia zokoratu eta ezkutatu egin du, azaroaren 25eko pasealekuan eta Media Luna eta Runa parkeetan, San Pedroren ondoan, hiru banku jarriz", kritikatu dute udal taldeek. Halaber, "martxoaren 17ko Hirigintza Batzordean, Fermin Alonso zinegotziak ezezko borobila eman zion bankuen kokapena berriz aztertuko ote zen eta, horrela, kolektiboen eskaera errespetatuko ote zen galderari", azaldu dute.

    Oposizioko taldeek ondorioztatu dutenez, "Gobernu-taldeak ez zuen akordioa bete, eta, beraz, beharrezkoa da kolektiboen proposamenei berriro heltzea eta hiriaren erdigunean lekurik egokienak aukeratzea, Udalak apustu argia egin dezan eskubide-berdintasunaren alde eta sexu-orientazioagatik eta sexu- edo genero-identitateagatik diskriminaziorik ez egitearen alde".

    Izena eman gure buletina jasotzeko