Geroa Bai ez dator bat Nafarroako Kontseiluaren irizpenarekin araudiaren interpretazio erredukzionista eta murriztailea egiten duelako
Koalizioaren aburuz premiazkoa da dekretua onartzea eta beharrezkoak diren aldaketekin egitea, osatugabea izan arren eta berandu datorren arren, eremu mistoak pairatzen duen diskriminazioari hein batean gutxienez konponbidea emateko balioko baitu

Geroa Bai ez dator bat Merezimenduen Dekretuari buruz Nafarroako Kontseiluak emandako irizpenarekin eremu Euskaldunean eta Mistoan osasungintzako plazetan euskararen balorazioari dagokionez. Koalizioa ez dator bat txosten honek dioenarekin, ez eta Nafarroako Auzitegi Gorenaren 2019ko ebazpenarekin ere, horrek 2017 Euskararen Dekretua partzialki baliogabetu baitzuen, eta ez dator bat ezta ere Nafarroako Gobernuak erabaki horri helegiterik ez jartzeko hartu zuen erabakiarekin, horrek jurisprudentzia murriztailea sortzen zuelako. Jurisprudentzia hau da hain zuzen ere Nafarroako Kontseiluak oinarri moduan hartu duena dekretu proiektu honen gaineko txostena egiteko, proiektu hori osatugabea zela eta berandu zetorrela kritikatu zuelarik jada Geroa Baik.
Geroa Bairen arabera, Nafarroako Kontseiluaren irizpenak Administrazioan hizkuntzen balorazioaren gaineko araudiaren interpretazio erredukzionista eta murriztailea egiten du, bereziki Osasunbideako plazei dagokienez. Araudi hori zerbitzu publiko bat eskaintzeko tresna moduan ulertu beharko litzatekeela defendatzen du koalizioak. Honakoa izan beharko luke gailendu beharreko irizpidea, defendatu du Geroa Baik, herritarrak geroz eta eleanitzagoak baitira eta bere Administraritzara bere erkidegoko hizkuntza propioetan zuzentzeko eta harengandik arreta hizkuntza horietan jasotzeko eskubidea baitute, eta hori zeharo bateragarria da Funtzio Publikora sartzeko prozedimenduetan berdintasun, meritu eta gaitasun printzipioekin.
Zentzu honetan Geroa Baik ziurtatu duenez, osasungintza karrerako lanpostu hornikuntzako sarbiderako araudia zalantzan jartzen du irizpenak, nahiz eta 1993 urtetik dagoen indarrean araudi hori. Gainera, UPNko gobernu batek onartutako 2009ko Foru Dekretuaren atzetik doa eta bere garaian Nafarroako Kontseiluaren aldeko txostena izan zuen horrek. Halaber, berriki Administraritzako behin-behineko langileen egonkortze prozesu osoan ezarri den balorazioarekin kontraesankorra da, eta prozesu horrek Parlamentu osoaren babesa jaso zuen Lege batean agertuz, horren arabera euskara merezimendu moduan baloratzen delarik eremu mistoan Osasungintza plaza guztietan.
Edozein kasutan, ebazpenaren eta araudi osatugabe eta berantiar honen artean egondako lau urte baino gehiagoko impasse baten ondoren, ikuspegi praktiko batekin eta gaur egun eremu mistoan gertatzen den diskriminazioari hein batean konponbidea jartzeko, Geroa Baik Nafarroako Gobernua premiatzen du lehenbailehen Foru Dekretu proiektu hau onar dezan eta lehiaketa-oposaketa berriei begira eta tokialdaketei begira, segurtasun juridiko nahikoa emateko behar dituen aldaketekin onar dezan.
Bigarrenik, Exekutiboak departamentuetako hizkuntza planen garapenean, onarpenean eta martxan jartzean aurrera egin behar duela deritzo Geroa Baik, aurreko legegintzalditik datorren beste prozesua alegia, horrela herritarrei arreta hobea ematen zaiela bermatzeko. Plan horiek, koalizioak gogorarazi duenez, eremu euskaldunean eta mistoan profil elebiduna edukiko duten lanpostuak zehaztuko dituzte, Nafarroako Kontseiluaren irizpen honek merezimenduen arrazoibideari dagokionez legezkoa eta beharrezkoa dela dioena gainera. Horregatik guztiagatik, koalizioak PSN premiatu du Nafarroako Gobernuan, lehenbailehen hizkuntza planak eta plaza elebidunak onar ditzan, azken hau Nafarroako Kontseiluaren irizpidearekin bat datorrelarik gainera.
Azkenik, euskara Nafarroa osoan eta plaza guztietan merezimendu izateko lan egiteari ez diola uko egingo iragarri du Geroa Baik.