Itzuli

Iruñeko Geroa Baik herritar guztien ardura eskatu du koronabirusaren agerraldi berrien aurrean

Mendillorri eta bereziki auzoko gazteak pairatzen ari diren jazarpen eta eraso kanpaina gaitzetsi du udal taldeak

Patxi Leuza Patxi Leuza

Iruñeko Geroa Baik bere kezka agertu du Nafarroako hiriburuan azken egunetan erregistraturiko agerraldien aurrean eta herritar guztien ardura eskatu du egoera hau leheneratzeko, pertsona guztien osasuna bermatzeko eta deseskalatze prozesuan atzera pausoak ekiditeko, Mendillorri auzoan gertatu den moduan.

Osasungintzako agintariek emandako prebentzio eta higiene neurriak betetzeko deia egin du udal taldeak, herritarren adina dena delakoa ere, bai eta erne jarraitzeko ere.

Halaber, Iruñeko Geroa Baik bere gaitzespena agertu du “Mendillorrik eta bereziki auzoko gazteek pairatzen ari duten jazarpen eta eraso kanpainaren aurrean”, 17 eta 30 urte bitarteko adin zerrendan 2.000 pertsona daudelarik, hiriko auzo guztien artean kopuru handiena duena alegia.

Bakoitzari dagokion ardurari garrantzia gutxitzetik urrun, gazteei dagokiena barne, auzoari ematen ari zaion neurrigabeko tratu mediatikoa gaitzesten du udal taldeak, eta Mendillorriko bizilagunen haserrea bere egiten du, bai eta gazteriaren alde egin ere “auzoaren alde lan egin eta auzoaren aldeko apustu sendoa egiten duen gazteria delako”. Horren adibide da PCR bidezko proba diagnostikoak egiteko eman duen erantzun masiboa.

Geroa Baik azpimarratu duenez, “inork ez zuen gertatutakoa aurreikusi”, Ez-Sanferminak deituriko horietan kutsatze gehiago egon ziren, eta halaber egun horietan taberna eta diskoteketan gertatutakoari buruz galdetu beharko genuke, Mendillorriko fokoaren jatorria baita, eta horietan aforoa eta ordutegia norbaitek kontrolatu ote zuen. “Edozein kasutan -amaitu du udal taldeak- antzeko egoerak errepikatzea ekiditeko irakaskuntza moduan balioko duten ondorioak ateratzea da garrantzitsuena. Gizadiak pairatu dituen krisialdi larri guztietan, pertsonek beste pertsonei errua egozteko joera dute, beti okerra den jokabidea benetako arazoarengan arreta galduarazten duelako, kasu honetan birusa, eta arazoa biktimengan fokatzen duelako. Dirudienez oraingoan Mendillorriko gazteei egokitu zaie”.

Izena eman gure buletina jasotzeko