Iruñeko udalaren eta FABRE fundazioaren arteko akordioa baliogabetzera premiatu du Geroa Baik Gobernu taldea
Fabre fundazioak argitaraturiko adierazpenak zeharo gaitzesgarriak direla dio Udal taldeak eta bere konpromiso tinkoa mantentzen du, beti egin izan duen moduan, berdintasunaren alde borrokan jarraitzeko
Iruñeko Geroa Bairen udal taldeak adierazpen bat aurkeztu du Udalbatzara, gobernu taldea premiatuz Iruñeko Udalak eta Fabre fundazioaren arteko akordioa baliogabetu dezan, fundazio horrek argitaraturiko adierazpenak “zeharo gaitzesgarriak” direla iritzi baitu. Halaber, udal taldeak, beti egin izan duen moduan, bere konpromiso tinkoa mantentzen du “berdintasunaren aurka borrokan jarraitzeko”.
Iruñeko Geroa Baik nabarmendu duenez, Iruñeko Udalak prentsa ohar bat plazaratu zuen pasa den azaroaren 18an, hezkuntza esparruan 2030 Garapen Jasangarrirako Helburuen hedapenerako Fabre Fundazioarekin duen bere konpromisoa azalduz. Ohar horretan zehazten zenez, “Udalak 3 eta 18 urte bitarteko ikasleekin ikasgeletan burutzeko 80 jarduera jasotzen dituen material didaktikoa banatuko du ikastetxeetan”. Azkenik, ohar horretan bertan azpimarratzen zen “Iruñeko Udalak Fabre Fundazioarekin konpromisoa hartu duela hiriko ikastetxeetara aurten argitaratutako material didaktikoa eramateko, material horrek 2030 Garapen Jasangarrirako Helburuak ikuspuntu integral batetik lantzen dituelarik”.
FABRE fundazioak Familia pentsatu: Genero gaiari buruzko hitzaldiak, workshop-a eta mintegia 2015. Finlandia (Pensar la Familia: serie de conferencias, workshop y seminario 2015 sobre el tema de género. Finlandia) izenburua daraman argitalpenean dioenez, “Finlandiako gizartean jazotako aldaketa erradikalak, bereziki gai etiko eta moraletan, ezkontzaren eta familiaren aurkako mehatxu bortitza dira. Tradizioz Finlandian emakume gehienek familiari arreta eta haien bizitza pertsonala, bizitza profesional sutsu batekin uztartzen dute, oso giro lehiakorrean. Sarritan lehentasun gatazka bati aurre egin behar izaten diote. Kasu askotan auto-errealizazioa lanaren bitartez bilatzera darama horrek, Estatuak seme-alabentzako 7-19 orduko arreta zerbitzua ematen baitu haurrek 11 hilabete dituztenetik. Dibortzioen kuota %50era iritsi da, abortua haurduntzearen alternatiba parekide moduan ulertzen da, biak legezkoak eta modu errazean lorgarriak. Propaganda homosexual bortitza eta horri dagokion legediak geroz eta gehiago ahultzen dute...”.
Errealitate honen aurrean, Iruñeko Geroa Baik bere gaitzespen osoa agertzen du Iruñeko Udalaren eta fundazioaren artean hartutako konpromisoaren aurrean.
Patxi Leuza