Sanferminen mahaia uztailaren 6 baino lehen deitzea eskatu du Iruñeko Geroa Baik
Udal taldearen aburuz hiriko jai eragileekin bilera egitea komenigarria da, data hurbiltzen doan heinean jaien inguruan handitzen ari den ziurgabetasuna ikusita
Iruñeko Geroa Baik adierazpen bat aurkeztu du Herritarren Aferen Batzordean, Sanferminen Mahaia uztailaren 6a baino lehenago dei dadin, “data hurbiltzen doan heinean talde ezberdinen eta Udaleko arduradunen artean jaien inguruan handitzen ari den ziurgabetasuna ikusita”.
Adierazpenaren azalpenean udal taldeak azpimarratzen duenez, pasa den maiatzaren 27an modu telematikoan eta partaidetza handiarekin egin zen Sanferminen lehen mahaian, “eztabaidagai nagusietako bat Gobernu taldeak partaide diren erakundeei ekitaldirik ez antolatzeko eskakizuna izan zen, horrek ekar ditzakeen balizko pertsona pilaketa eta osasun arriskuak direla eta”.
Halaber, bilera horretan “partikularren aldetik balkoi eta/edo terrazetan beste ekitaldiak egiteko aukera eztabaidatu zen ere”. Adierazpenaren testuak gaineratzen duenez, “Iruñeko Udalak ez du baztertu udako kultura programazioaren zati bat egiteko aukera, hots harresietako dantza edo formatu txikiko beste zenbait, baina ez Sanferminetako programazioaren baitan, pertsona kopuru handia elkartzeak arrisku larriak ekar baititzake”.
Lehen bilera horretako doinua atsegina izan zen eta ondoren, ordezkarik bakoitzak bere proposamena aurkeztu zuen. Halaber, uztailaren 6tik gertuagoko data batean beste deialdi bat egitea aipatu zen.
Horregatik, eta “talde ezberdin eta Udaleko arduradunen artean dagoen ziurgabetasuna Sanferminetako data hurbiltzen doan heinean handiagoa denez, komenigarria deritzogu Sanferminei buruzko mahai bat uztailaren 6a baino lehenago deitzea”, azpimarratu du Geroa Bairen udal taldeak.
Patxi Leuza