Itzuli

Geroa Bai Iruñeak salatu du UPN-k euskara gutxiesten duela Osasunarekin duen babesletzan

UPNk esan du ez duela “Iruña” Osasunaren autobusean jarriko, Espainia osoa zeharkatzen duelako

    Geroa Bai Iruñeak salatu duenez “Club Atlético Osasuna delakoaren autobusak Iruñeko Udalaren logoa darama atzealdean, baina izena gaztelaniaz soilik agertzen da.” “UPNk euskararekin egiten duen gutxiespenaren beste adibide bat”, adierazi du.

    “Club Atletico Osasunak 2023ko azaroaren 11n egindako konpromisarioen batzarrean, konprimasarioetako batek Fran Canal Osasunako gerenteari gai honi buruz egindako galderaren aurrean, honek erantzun zuen erabaki hori udalaren erabaki baten ondorio dela”, esan du koalizioak.

    "Azaroaren 14ko Herritarren Gaietarako Batzordearen galderen txandan, Geroa Baiko zinegotzi Mikel Armendarizek gai horri buruz galdetu zion Gizarte Zerbitzu, Kirol eta Osasuneko zinegotzi ordezkari Raúl Armendáriz Lezauni, eta honek adierazi zuen ondorengo astean erantzungo ziola", gogoratu du.

    Geroa Bai Iruñeak azaldu duenez, "azaroaren 21ean Armendariz Lezaun jaunak gure taldeko zinegotziari erantzun zion autobusean agertzen dena ez dela udalaren logo ofiziala, hiriaren armarria eta izena baizik”. “Gainera, adierazi zuen autobusa publizitate-euskarri handia zenez eta Espainia osoa zeharkatzen duenez, ez dela beharrezkoa Iruña izena jartzea, ez delako udala sustatzen, hiria baizik”, gogorarazi du.

    Azalpen horien aurrean, Mikel Armendarizen hitzetan, "UPNren euskarofobiaz, berria ez bada ere, dugun haserrea erakusten dugu”. “Armendariz Lezaun jaunari gogorarazi nahi diogu gure hiriaren izen ofiziala Iruñea dela", baieztatu du Armendarizek

    "Hau UPNk gure herritarren euskaldun zatia Estatuko gainerako lurraldeetara isilarazteko eta ezkutatzeko dituen asmoen beste adibide bat da.  Osasunarekiko babesak urtero 100.000 € suposatzen duela gogorarazten dugu, Iruñeko guztion diru-kutxetatik ateratzen dena", dio zinegotziak.

    Horregatik guztiagatik, "Iruñeko Udaleko hurrengo Lehendakaritza Batzorderako adierazpen bat aurkeztu dugu UPNk euskararen inguruan duen praktika txarra eta gutxiespena salatzeko, eta gobernu taldeari eta Raul Armendariz Leazun zinegotziari Club Atlético Osasunari udalaren logo ofiziala eman diezaiola, dagokion leku guztietan aldatzeko eskatuz", amaitu du koalizioak.

    Izena eman gure buletina jasotzeko