Itzuli

PSOE-k Kongresuan 78ko Sanferminetako gertakariak argitzea eragozi izana deitoratu du Geroa Baik

Koldo Martínez Koldo Martínez

78ko Sanferminetan gertatutakoa argitzeko helburuarekin, Barne Ministerioak horri buruz dituen dokumentuen desklasifikazioa eskatzen zuen Nafarroako Parlamentuak onartutako lege proposamena eragozteko PSOEk Kongresuan bere botoak PP eta Ciudadanosen botoekin batu izana deitoratu du Geroa Baik.

Koldo Martínez koalizioko bozeramaileak esan duenez, “PSN dioena eta egiten duena –ez beti zentzu berdinean- nolakoa den ikustera ohituta gauden arren, PSOEk zerbait esan eta aurkakoa egin, eta azkenean Madrilen jarrera gailentzea, oraingo honetan bereziki mingarria da, German Rodriguez bezalako biktimen gaineko egia, justizia, oroimena eta ordaina lortzea ahalbidetuko zuen proposamen baten aurrean geundelako”.

Zentzu honetan, Martínezek gogorarazi du “40 urte pasa direla eta, denbora tarte guzti honetan, erakundeen aldetik eta boterearen aldetik desoroimena ezarri nahi izan da gertakari triste horien inguruan”. “Tamalgarria da gertatutakoaren egia bilatzeko eta inpunitatearekin amaitzeko aurrera pausoak ematerako orduan, PSOEk Ciudadanos eta PPren jarrera hartu izana, Nafarroako Parlamentuan defendaturiko jarrerarekin koherentzia eza agertuz gainera, eta PSN beti Madrilen hartzen diren erabakien menpe dagoela frogatuz”, azpimarratu du.

Azkenik, Geroa Baiko bozeramaileak “PP, PSOE eta Ciudadanosek Nafarroako Parlamentuak hartutako erabakiekin duen errespetu falta” kritikatu du, “lege ez den proposamen hau aho batez onartu baitzuen eta, horrela, Nafarroako herritarren gehiengoari ere errespetu falta agertzen dute”.

Izena eman gure buletina jasotzeko