Igande honetan Etxarri-Aranatzen egingo den Nafarroa Oinezen parte hartzera deitu du Geroa Baik
Koalizioaren arabera, geroz eta anitz eta pluralagoa den gizarte aldakor batean, euskara orainaldiko eta etorkizuneko balorea da
Igande honetan ‘Hotsein!’ lelopean Etxarri Aranatzen egingo den Nafarroa Oinezen parte hartzera animatu ditu herritarrak Geroa Baik. Koalizioaren aburuz “euskara herritarren arteko bizikidetza eta gizarte kohesiorako faktore” moduan aldarrikatzeko tresna izan behar da jaialdi hau.
Geroa Baik defendatu duenez, “euskara Nafarroako hizkuntza propioa da eta, hortaz, nafar guztion ondarea”. “Eztabaida alderdikoi eta alderdizaleetatik aldentzeko eta oinarrizko adostasunetatik aurrera egiten jarraitzeko” apustua egin du beste behin ere koalizioak.
Halaber, “Nafarroako herritar guztien hizkuntza eskubideak aitortzeko eta bermatzeko” lanean jarraitzeko bere konpromisoa berretsi du koalizioak. Geroa Bairen aburuz, “XXI mendeko gizartea eleanitza da eta euskara bezalako hizkuntza propioek gainbalioa ematen du bizi garen mundu global honetan”. “Geroz eta anitz eta pluralagoa den gizarte aldakor batean, euskara orainaldiko eta etorkizuneko balorea da”, azpimarratu du. “Azken finean, gizarte moduan gure balioa biderkatzen duen hizkuntza da eta bere sendotzean denok dugu zerbait emateko”, ziurtatu du koalizioak.
Horregatik guztiagatik, asteburu honetan Etxarri-Aranatzera joateko eta Nafarroa Oinezen antolatu diren ekitaldietan parte hartzeko deia egiten du Geroa Baik, “milaka familiek Nafarroan euskararen alde egindako lan desinteresatuaren garrantzia aitortzeko”.