Itzuli

Geroa Bai pozik agertu da gazteek lehen etxebizitza erostea errazteko kenkaria akordio fiskalaren baitan sartu ondoren

Pablo Azcona: “herritarren benetako arazoei erantzunak ematen dizkion fiskalitatea defendatzen dugu”

    Pablo Azcona Pablo Azcona

    Geroa Bai, PSN, EH Bildu eta Contigo-Zurekin formakuntzek Mahai Fiskalean lortutako akordio fiskala baloratu du Geroa Baik, etxebizitza alorrean bere proposamen nagusienetako bat akordioaren baitan sartu ondoren: gazteek haien lehen ohiko etxebizitza erostea errazteko zerga kenkari berri bat PFEZan.

    Bere konpromisoari betekizuna ematearen garrantzia azpimarratu du koalizioak, hilabete luzez landu baita Mahai Fiskalean eta gazteen emantzipazioa galarazten duen oztopo nagusienetako bati konponbidea jartzen baitio: lehen etxebizitza erosteak dakarren esfortzu ekonomiko garrantzitsua alegia. Proposamenak %15eko kenkaria ezartzen du 35 urtetik beherakoentzat, errenta eta salneurri mugaketarekin.

    Geroa Baik nabarmendu duenez, gazteei haien lehen etxebizitza erosteko pausoa ematen laguntzeko tresna fiskal berri bat dakar neurri honek. Era berean, tresna hau Nafarroan jada garatzen diren etxebizitza babestuaren politiken, alokairuaren eta emantzipazio politiken osagarri izango da.

    Ildo honetan, koalizioak azpimarratu du fiskalitateak etxebizitza erosteko benetako zailtasunei erantzuna eman behar diela ere, bereziki lehen pauso hori oraindik eman ezin izan dutenei.

    Halaber, akordio fiskaleko beste neurrien garrantzia azpimarratu du koalizioak, hala nola PFEZren tarifaren deflaktazioa, modu progresiboan eta ezberdinduan ezarriko delarik. Zergen arintzea errenta ertain eta txikiei modu nabarmenagoan eragiteko beharrari erantzuten dio ezberdintze horrek, koalizioak negoziazioan zehar defendatu duen moduan.

    Koalizioaren iritziz inflazioak eragin oso zehatzak ditu oraindik eguneroko ekonomiarengan. Elikagaien, energiaren, etxebizitzaren eta beste ohiko gastuen garestitzeak, familien erosahalmenarengan eragin zuzena du, bereziki diru-sarrera ertain eta txikiak dituztenengan. Gainera, egoera honek autonomo eta negozio txiki askorengan ere du eragina.

    Testuinguru honetan, deflaktazioak PFEZen tarifa salneurrien bilakaerari egokitzea ahalbidetzen du. Geroa Bairen arabera, zerga politikek inflazioaren eraginaren aurrean herritarrak laguntzea da helburua, bai eta haien erosahalmena babestea ere.

    Pablo Azcona Geroa Baiko bozeramaileak azpimarratu duenez, “herritarren benetako arazoei erantzunak ematen dizkion fiskalitatea defendatu dugu. Etxebizitza lortzeko zailtasuna horietako bat da, bereziki gazteentzat. Horregatik haien ohiko lehen etxebizitza erosten laguntzeko kenkari bat ezartzeko lan egin dugu”.

    Azconak gaineratu duenez, “inflazioak familien ekonomiarengan duen eragina funtsezko beste gaia da. Elikagaiek, energiak, etxebizitzak eta eguneroko gastuek gora egin dute, eta garestitze hori, haien ahalmen ekonomikoa benetan hobetu ez dutenentzako presio fiskal handiagoan bilakatzea ekidin beharra dugu. Horregatik deflaktazio progresiboa defendatu dugu, errenta ertain eta txikiak gehiago arinduz”.

    Geroa Bairen aburuz, akordio honek Nafarroaren beharrekin loturik dagoen politika fiskal baterantz aurrera egitea ahalbidetzen du, gazteen emantzipazioa errazten duten eta familien erosahalmena babesten duten neurri zehatzak ezarriz.

    Azkenik, koalizioak azpimarratu du hemendik aurrera neurri fiskalen parlamentuko tramiteari ekingo zaiola, Geroa Baik hobekuntzak sartzeko lanean jarraituko duelarik.

    Izena eman gure buletina jasotzeko