Itzuli

Geroa Bai PSN-rekin “gehiengoa” osatzeko prest, baina EH Bilduri betorik jarri gabe

Uxue Barkos eta Itziar Gómez Parlamentura eta Iruñeko Udalera zerrendaburu izango direla konfirmatu du koalizioak

Geroa Baik eskua luzatu dio PSNri “Nafarroako gehiego sozial eta politiko berriarekin bat egiteko” baina sozialistek “inori betoa jarri” nahi izatea gaitzetsi du.

Koldo Martínez Geroa Baiko parlamentuko eledunak ziurtatu duenez, bere koalizioak “ez du onartuko PSNk EH Bildu kanpoan utzi nahi izatea ezta ere EH Bilduk PSN alboratzea”.

Koldo Martínezekin batera Unai Hualde parlamentariak eskaini du prentsaurrekoa, Foru Gobernuko Lehendakari Uxue Barkos Nafarroako Parlamenturako datorren hauteskundeetan zerrendaburu izango dela konfirmatuz, bai eta Itziar Gómez Iruñeko Udalerako zerrendaburu moduan. Primario prozesuan aurkeztu diren hautagai bakarrak izan dira.

Koldo Martínezen iritziz, “hautagai gehiago ez egoteak frogatzen du bai Nafarroan bai eta Iruñean ere legegintzaldian aurrera egiteko moduarekin pozik gaudela, Geroa Bairen militanteena ez ezik Nafarroako eta Iruñeko herritarrena den poztasuna”.

Parlamentuko eledunak aitortu duenez, “badago aurpegi aldaketarik egin ez dugula dioenik, baina gure berrikuntza, burutzen ari ditugun politiketan erakusten dugu, berrikuntza sozialaren politiketan alegia”. “Beste taldeek aurpegiak aldatzeko beharra dute baina diskurtso berdinekin jarraitzen dute”, kritikatu du.

Bere hizketaldian Koldo Martínezek ziurtatu duenez “Nafarroak aurrera egiteko gako aurrerakoietan negoziatzeko atea irekia du PSNk, 2015ean esan genuen, gaur diogu 2018an eta 2019an esaten jarraituko dugu, nahiz eta legegintzaldi honetan ez duten nahi izan, besteek planteatzen dituzten borroka identitarioetan sartu nahi izan dute, UPNri jokoa egiten jarraitu nahi izan dute Nafarroarentzako Gobernu aurrerakoi bat osatzen jarraitu baino lehen”.   

Koldo Martínezek ziurtatu duenez “Gobernuaren bandera hiritarren bandera da, kezka sozialena, ezberdintasunei aurre egiteko borrokarena, bizikidetzarena, gaur egun Uxue Barkos buru duen Gobernuarena, gako moduan bizikidetza, eraikuntza eta aurrerakuntza jarriz”.

Bestalde, esan duenez PSNk “denbora guzti honetan UPNk jardun duen modu berdinean jardun du, UPNrekin batera jardunez”. “UPNk bezala jardun du, Espainiako Gobernuaren aurreko ordezkaritza bere eginez, nahiz eta ez dagokien. Pedro Sánchezen Gobernuari aurka egin nahi diotenekin hemen elkarrekin aritzeak kezkatzen gaitu oraindik, eta Pedro Sánchezen Gobernuaren aurka erabiltzen dituzten argudio berdinekin gainera”, ohartarazi du, ziurtatuz “oso paradoxikoa eta kezkagarria da Nafarroan etorkizuneko akordio aurrerakoiei begira PSNren jarrera hau”.

Ildo beretik, Unai Hualdek ziurtatu du “2015ean hasi zen aldaketak jada urte ugariko ibilbidea duela eta ez 2015ean eta ez legegintzaldian zehar, PSNk ez du aldaketarekin bat egiteko borondaterik erakutsi, UPNrekin eta PPrekin bat egin du Parlamentuko jardueraren hein handi batean, alor sozialeko lege asko onartzerako orduan ere”. Horrela, ziurtatu du Geroa Bai ez dutela “edozein diskurtsorekin liluratuko, egin dituztenak aurkako norabidean doazenean”.

LAUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Koldo Martínezek ere Laugarren Xedapen Iragankorra Konstituziotik ezabatzeko UPN eta PPren eskaera aipatu du, horri buruz adieraziz “nahiz eta xedapen honen jatorrian Euskadiren balizko lauko eraketa bati balazta jartzea egon, gaur xedapen hori Espainiar Konstituzioaren barruan askatasun tresna bat da”.

Parlamentariak azpimarratu duenez, “Nafarroako herritarrek erabakitzeko eskubidea aitortua dute Laugarren Xedapen Iragankorrean, gure autogobernuaren fruitua baita, eta Estatuko beste komunitate bakar batek ere ez du”. “Autogobernua eta Nafarroako herritarren eskubideak defendatzen dituen xedapen bat da. Herritarrei subjektu politiko moduan ahotsa eta botoa emateko modu bat da. Nafarroa subjektu politiko moduan aitortzeko modu bat da”, nabarmendu du, kritikatuz “UPN lehian dagoela Pablo Casadoren eta Ciudadanoseko antiforalisten eskuin erreakzionarioarekin”.

Geroa Baiko eleduna oroimen historikoari buruz mintzatu da ere, modu “positiboan” baloratuz UPN pasa den larunbatean 1936ko kolpe militarraren biktimen omenaldian Sartagudan egon izana. “Biktimen familiek, UPNrentzat aldi berean txikia eta handia den keino hori eskertu behar dute, muinean jarrera aldaketa handia baita orain arte mantendu duten jarrerarekin alderatuz”, azpimarratu du Martínezek, nahiz eta Frankoren gorpuzkia Erorien Haranetik ateratzeko bozketan abstentziora jo izana kritikatu aldi berean.

Izena eman gure buletina jasotzeko