Geroa Bai -ren ebazpen bat onetsi da, Foru Exekutiboa premiatuz inklusioa, ekitatea, gardentasuna eta tratu-berdintasuna berma ditzan Nafarroako hezkuntza-sisteman
Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur UPNren, EH Bilduren, Geroa Bairen, PPNren, Contigo-Zurekinen, talde Mistoaren eta atxiki gabeko parlamentariaren aldeko botoekin eta PSNren aurkakoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentua premiatzen baita “inklusioa, ekitatea, gardentasuna eta tratu-berdintasuna printzipio lagaezin gisa berma ditzan; Nafarroako hezkuntza-sistemako printzipio gisa orokorrean eta, zehazkiago, aniztasuna artatzeko politiketako printzipio gisa”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Exekutiboko Hezkuntza Departamentuari eskatzen dio “NHEBZen inklusioa bermatzeko beharrezkoak diren hezkuntza baliabideen preskripzio eta hornidurari eutsi diezaiola”. UPNk aurkeztu duen eta Geroa Bai, ekimenaren titularrak onartu duen ordezteko in voce zuzenketa baten emaitza da atal hau.
Era berean, Hezkuntza Departamentua premiatzen da “prozesua birbidera dezan, hori oinarrituz urtarrilaren 18ko 1/2023 Foru Dekretuak, Hezkuntza Departamentuaren mendeko Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroaren (NHEBZ) sorrera, antolamendua eta funtzionamendua arautzen dituen horrek, ezarritako zertzeladetan”.
Azkenik, Hezkuntza Departamentuari eskatzen zaio “Fundación Alegría fundazioarekin izenpetutako hitzarmena indarrik gabe utz dezala eta aniztasunaren arreta osoari eraginen dion esparru akordio bat landu dezala, NHEBZren zuzendaritzarekin eta 1/2023 Foru Dekretuak araututako lankidetza espazioetan parte hartzen duten erakundeen ordezkariekin”. EH Bilduk aurkeztu duen eta Geroa Baik onartu duen zuzenketa baten emaitza da atal hau.
Zioen azalpenean, Geroa Bai talde parlamentarioak sustatu duen ebazpenak "hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei erantzun berariazkoak" emateko betebeharra gogorarazten du, eta, ildo horretan, CREENAren lana nabarmentzen du, "aniztasunaren esparruan erreferentzia teknikoko erakunde” gisa. Gaineratzen duenez, ikastetxeetako akonpainamendu- eta laguntza-premiak murriztu ez eta, oso aitzitik, “nabarmen areagotzen ari dira”. Horregatik, “are garrantzi handiagokoa suertatzen da zentro horrek bere eginkizunak eraginkortasunez betetzeko modua izan dezan bermatzeko behar diren baldintzak sortzea, bai zuzenean esku hartuz, bai irakasleekin, familiekin eta hezkuntza-komunitatearen osotasunarekin lankidetzan arituz”.
Testuinguru horretan, eta CREENAren eta Departamentuaren artean Alegría fundazioarekin sinatutako hitzarmenaren inguruan sortutako desadostasunei dagokienez, honako hau gogorarazten da: "CREENAren jarduera-eremuari eragiten dion edozein hitzarmen koordinatua izan behar da haren zuzendaritzatik, Departamentuarekin elkarrizketan arituz”.
Isabel Aranburu