Itzuli

Geroa Bai -ren ebazpen bat onetsi da Nafarroako Gobernua premiatzen duena abian jar dezan O-NOZek taxutu duen kontratazio publikoa hobetzeko plana

    Isabel Aranburu Isabel Aranburu

    Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur Geroa Bairen, Contigo-Zurekinen eta PPNren aldeko botoekin, Talde Mistoaren eta atxiki gabearen aurkakoekin eta UPNren, EH Bilduren eta PSNren abstentzioekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “legegintzaldia amaitu aurretik O-NOZek egindako kontratazio publikoa hobetzeko Plana abian jar dezan”.

     

    Onetsitako ebazpenak bigarren atalean adierazten duenez, eskatzen da, alde batetik, “osasun arloko kontratazio zentralizatura bideratutako zerbitzuetako giza baliabideak berrantolatu eta handitu ditzala”, eta bestetik, “osasun arloko kontratazio publikoko taldeetan arituko diren profesionalak presta ditzala, industriako profesionalekiko informazio-asimetria ahalik eta txikiena izan dadin eta desabantaila arauemaile edo operatiboko arriskurik egon ez dadin. Beti ere jarduera hori gauzatzeko behar diren baliabide teknologikoak jarriz”.

     

    Zioen azalpenean, Geroa Bai TPak sustatu duen ebazpenak osasun arloko kontratazioaren konplexutasun teknikoa eta juridikoaren eraginez bidegabeko aberaste egoeran dauden espediente kopuru altuari egiten dio erreferentzia, izan ere, horrek desabantaila arauemaile eta operatiboan uzten ditu erosle publikoak eta, horri dagokionez, egiturazko gaitasun-arrakala arinduko duen hobekuntza-plan bat ezartzeko deia egiten du.

     

    Gogorarazten denez, Nafarroan, osasun arloko kontratazioak Foru Gobernuaren gastu osoan duen pisua % 47,6koa izan da 2025ean eta % 47,9koa 2024an, 2. kapitulua soilik kontuan hartuta; hau da, Foru Administrazioaren ondasun- eta zerbitzu-kontratazioaren ia erdia da. Bestalde, adierazten da bai Kontuen Ganberak bai Kontrol Finantzario Iraunkorrak gai horri buruzko gomendioak egin dituztela, eta horiei erantzun egin behar zaiela. Horrek guztiak, ondorioztatzen denez, “premiazko bihurtzen du arlo horretako prozedurak hobetzea”, eta, horregatik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak kontratazio publikoa hobetzeko egin duen plana abian jartzea eskatzen da.

    Izena eman gure buletina jasotzeko