Itzuli

Geroa Bai -ren ebazpen bat onetsi da, Nafarroako Gobernua premiatzen duena hezkuntza-laguntzako espezialisten urteko lanaldian txertatuko den prestakuntza-eskaintza egonkor bat artikula dezan

Ikastetxe publikoetan inklusioa eta aniztasunarekiko arreta bermatu nahi da, NHEBZrekin lankidetzan eginiko berariazko plan baten bidez

    Itxaso Soto Itxaso Soto

    Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du UPNren, PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen, PPNren, Contigo-Zurekinen eta atxiki gabearen aldeko botoarekin eta Talde Mistoaren abstentzioarekin, zeinaren bidez Hezkuntza Departamentua premiatzen baita “Nafarroako Funtzio Publikoarekin koordinaturik, prestakuntza-eskaintza egonkorra taxutu dezan, hezkuntza-laguntzako espezialisten urteko lanaldian txertaturik egonen dena”.

    Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Hezkuntza Departamentua premiatzen du “hezkuntza-laguntzako espezialistei berma diezaien departamentuak berak sustatutako prestakuntza-jarduerak egin ahal izatea”.

    Gainera, Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio “hezkuntza-laguntzako espezialistentzako prestakuntza-plan berariazko bat taxutu eta inplementa dezan, barne hartu behar dituena, besteak beste, autonomia pertsonalaren garapena, parte-hartzerako eta ikaskuntzarako oztopoak desagertzea, aniztasunarekiko arreta, komunikazioa, laguntza konduktuala eta talde-lana”.

    Plan hori, zehazten denez, “Aniztasunarekiko Arretaren Atalak taxutuko du NHEBZrekin eta Nafarroako Funtzio Publikoarekin lankidetzan, eta prestakuntzaren arloko beharrizanak detektatzeko mekanismo sistematikoak jasoko ditu, zeinetan profesionalek modu aktiboan parte hartuko baitute, ikastetxeen errealitatera egokitzen direla bermatzeko”.

    Zioen azalpenean, Geroa Bai TPak sustatu duen ebazpenak hezkuntza-laguntzako espezialisten lanaren garrantzia azpimarratzen du, adieraziz “bere esku-hartzea erabakigarria dela hezkuntza gero eta inklusiboago eta kalitate handiagoko baterantz aitzinatzeko”.

    Ildo horretan, adierazten du prestakuntza etengabeko esparru egonkor bat ezarri beharra dagoela, “prestakuntza hori lanaldian txertatzea bermatuko duena, bai eta Hezkuntza Departamentuak sustatutako prestakuntza-jardueretarako sarbidea ere”.

    Helburua, gaineratzen denez, hezkuntza inklusiboa indartzea eta ikasleen beharrizanei hezkuntza-erantzun egokia bermatzea da.

    Izena eman gure buletina jasotzeko