Nafarroako Gobernuak eta Sustapen Ministerioak AP-68 inguruko zirkulazioa hobetzeko lortutako akordioa baloratu du Tuterako Geroa Baik
Tuterako Geroa Baik modu positiboan baloratu du Sustapen Ministerioak eta Nafarroako Gobernuak AP-68 autopistaren loturaren inguruko zirkulazioa hobetzeko akordioa. Koalizioaren tokiko taldeak adierazi duenez “bi administraritzek lortutako akordioak gaur egun N-121-C errepidetik desbideratzen den zama handiko ibilgailuen trafikoa modu nabarmenean murriztuko du”.
Erriberako hiriburuko tokiko taldeak nabarmendu du “lehen unetik, Nafarroako Gobernuak arazo honi konponbidea ematearen alde egon dela eta Sustapen Ministerioarekin akordio bat lortzeko lanean aritu dela, hura baita bide horrengan eskumena duena”. “Oposizioko talde batzuen aldetik arazo honekin iskanbila egiteko saiakerak egon izan diren arren, Foru Exekutiboari utzikeria egotziz, frogaturik geratu da lehen unetik seriotasunez egin dela lan eta eskumeneko administraritza guztiekin”.
Zentzu honetan, Tuterako Geroa Baik gogorarazi du “zama handiko ibilgailuak N-121-C errepidetik desbideratzea Sustapen Ministerioaren erabakia izan zela, eta baloratzekoa da bai Foru Gobernua bai eta Tuterako Udala eta Erriberako Mankomunitatea elkarrekin lankidetzan aritu izana erabaki hori onbideratzeko”.
Azkenik, Erriberako hiriburuko Koalizioaren tokiko taldeak bere konfiantza agertu du Sustapen Ministerioak eta Nafarroako Gobernuak “alternatiba guztiak elkarrekin lantzen jarraituko dutelako Zaragozara norabideko trafikoa desbideratzeko”.