Nafarroak bere superabita inbertsioetara bideratzea ahalbidetuko duen akordioa baloratu du Geroa Baik eta lehentasun sozial eta ekonomikoak sendotzeko aprobetxatzea eskatu du
Hain zuzen ere, Uxue Barkos senatariak atzo bertan Goi Ganberan Ogasun ministroari eskatu zion Nafarroak malgutasun handiagoa behar zuela bere baliabideak inbertsio estrategikoetara bideratzeko
Geroa Baik modu positiboan baloratu du Nafarroako Gobernuaren eta Ogasun Ministerioaren artean, Hitzarmen Ekonomikoaren Koordinazio Batzordearen markoan erdietsi den akordioa, horren bitartez superabita erabiltzeko aukera izango baitu Foru Komunitateak inbertsio berriak bultzatzeko.
José Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilariak egindako iragarpenaren arabera, Nafarroak 2024 urteari dagokion superabita aurtengo aurrekontuan sartzeko aukera izango du inbertsioetara bideratzeko, bai eta behin betiko zifrak ezagutu ondoren, hurrengo jardunaldietan sor daitezkeen superabitak ere sartzea aurreikusi.
Geroa Bairen aburuz, akordio hau pauso garrantzitsua da Nafarroak baliabide publikoak lehentasunezko proiektuetara mobilizatzeko gaitasun handiagoa edukitzeko, Foru Komunitateak inbertsiorako duen tartea handitzea ahalbidetuz. Gutxi gorabeherako zifretan, akordio honekin, jada aurreikusita zeuden 125 milioi ingurutatik, 271 milioi gerturaino iristea ahalbidetuko du akordio honek, honekin Nafarroaren garapen ekonomiko eta sozialerako estrategikoak diren proiektuak sendotzeko atea irekiz.
Koalizioaren iritziz, jada aurreikusitako inbertsioak berrordentzako eta optimizatzeko balio beharko du diru-tarte berri honek, modu honetan zenbait ekintza baliabide berri hauekin finantzatuz eta aurrekontuen ahalmena handituz lehentasunezkoak diren beste alor batzuk sendotzeko, hala nola osasungintza, alor soziala, garapen industriala, nekazaritzako elikagaiena, etxebizitza edo inbertsio publikoko beharrizan berriak.
Geroa Baik gainera gogorarazi du inbertsioak bultzatzeko aukera hau Uxue Barkos senatariak atzo bertan eskatu zuela Goi Ganberan, Gobernu zentrala premiatuz malgutasun handiagoa eman ziezaiola Nafarroari bere diru-kutxa soberakina finantzariokijasangarriak diren inbertsioetara bideratzeko, Foru Komunitatearen garapen ekonomiko eta soziala bultzatzeko helburuarekin.
Zentzu honetan, Nafarroak finantza egoera solidoa duela berretsi du koalizioak, baliabide hauek lehiakortasun ekonomikoa sendotzen duten proiektuetara bideratzea ahalbidetuz, bai eta zerbitzu publikoen hobekuntzara edota lehentasunezko beharrizan sozialetara.
Azkenik, Geroa Baik azpimarratu duenez, behin akordioa berretsi ondoren, Nafarroako Gobernutik eta inplikaturiko departamentuetatik lan egiteko unea izango da, baliabide hauekin sustatu edo handitu daitezkeen inbertsio horiek identifikatzeko, aurrekontu tarte berri hau herritarrentzako benetako hobekuntzetan bihurtzea bermatuz.