Geroa Baik modu positiboan baloratu du Nafarroako Gobernuaren eta Testa Residencial promotorearen arteko akordioa
Geroa Baik modu positiboan baloratu du Nafarroako Gobernuak eta Testa Residencial promotoreak erdietsi duten akordioa; luzetik datorren eta UPNren gobernuen etxebizitza politiken ondorio den egoera estrukturala konpontzeko akordioa alegia, etxebizitza sozialaren beharrari erantzuna emateko bidean, etxebizitza mota hauek esku pribatuetan geratzea ahalbidetu baitzuen UPN-k
“Herritarrak bertan bizitzeko etxebizitzen alde egiten du Geroa Baik, eta ez espekulazio edo merkataritza elementu moduan ulertuz, etxebizitzen burbuilaren urteetan eta UPNren gobernuen urteetan gertatu zen moduan”, azpimarratu du Geroa Baik.
Koalizioaren aburuz, “egoera zehatz eta larri hau konpontzeko Testa-rekin lortutako akordioak, bai eta pasa den legegintzalditik etxebizitza alorrean hartu diren epe luzeko neurriek ere, alor honetan paradigma aldaketa egon dela frogatzen dute”.
“Orain alokairu soziala baliabide publikoen bitartez bakarrik edo, jabetza pribatuekin lankidetzan egiten denean, lurzoru publikoan egiten dela da etxebizitza politiketan egondako aldaketa honen adibiderik argienetako bat”, azpimarratu du.
Azkenik, Geroa Baik Lurralde Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoen Departamentua premiatu du ildo honetan lanean jarrai dezan eta 2015etik hona ekindako aldaketetan sakondu dezan ere