Geroa Baik eta EH Bilduk 1,3 milioiko zuzenketa sozialak adostu dituzte 2020ko soberakinen aurka, eta PSNri horiek adostea eskaini diote, bloke aurrerakoia berreskuratzeko
600.000 euro larrialdiko etxebizitzetarako, 300.000 alokairuko etxebizitza sozialak bultzatzeko (gazteak), 300.000 Iturrama-Alde Zaharra oinezkoen ardatzerako eta 100.000 Burgos Plaza berreskuratzeko
Inbertsio sozialak sendotzea, etxebizitzara bideratutako partidak indartuz, aurreko legealdian hasitako mugikortasun jasangarriko proiektuekin jarraitzeko eta ondarea birgaitzeko gehien behar dutenen eskura jartzeko, hiru horiek dira, hain zuzen ere, Geroa Baik eta EH Bilduk adostu dituzten 1,3 milioi euroko zuzenketen helburuak, Navarra Sumak 2020ko soberakinen aurka aurkeztutako inbertsio-plana (8,1 milioi) hobetzeko. Hala, proposamen horiek PSNrekin lantzeko eta adosteko prest agertu dira bi alderdiak, legealdiko lehen 18 hilabeteetan izandako gehiengo aurrerakoia berreskuratu ahal izateko, "Hain emaitza onak eman baitzizkion hiriari".
Geroa Baik eta EH Biduk adierazi dutenez, "Eskuinaren inbertsio planetan zuzenketa sozial haek aurrera eramateko aukera udal honetako gehiengo aurrerakoiak gure botoak batu behar ditu, 2020an egin genuen bezala". Oposizioaren gehiengoa osatzen duten bi taldek eskua luzatu diote PSNri elkar ulertzeko berriz ere, "Iruñeak gehiengo aurrerakoi bat behar duelako Navarra Sumaren gobernuaren jarrera erratiko eta autoritarioa zuzentzeko". Honen froga da sozialistek beraiek ere jasanten dutena, ez bakarrik beste erakunde batzuetan jasotzen dituzten erasoetan, baizik eta baita Udalean ere: "PSNk aurten Na+en aurrekontuak babestu eta adostu ostean, ikusi dugu nola ordaintzen dien Enrique Mayak, bere burutazioekin eta alde bakarreko erabakiekin, Labriteko Pasabidearen gaian edo zentrurik gabeko Hipika lehiaketa hori bultzatuz". "Iruñea hain gaizki kudeatzen duen eskuineko hirukoak ez du merezi bere kontuak babestea, sentsibilitate soziala duen alternatiba behar du hiriak", adierazi dute bi alderdiek.
Lau zuzenketa asfaltoari eta desjabetzeei lotutako partiden aurka
Lau dira Geroa Baik eta EH Bilduk adostutako zuzenketak, eta guztira, 1,3 milioi euro suposatzen dute. Lehenik eta behin, 600.000 euroko partida bat, gizarte-larrialdietarako udal-etxebizitzak birgaitzeko. Diru hori Arrotxapeko desjabetzeetarako partidatik hartuko litzateke, hori "ez baita hain premiazkoa eta, aurreikuspenen arabera, zailagoa da negoziatzen hilabete hauetan gauzatzeko; errealistagoa litzateke 2021eko aurrekontuetan sartzea".
Bigarrenik, bi alderdiek 300.000 euroko partida hitzartu dute birgaitzeko eta obra berriaren bitartez eraikitzeko dauden etxebizitza sozialen hiru proiektu idazteko. Lehenengo kasuan (birgaitzea), II. Zabalguneko merkatuko udal-eraikinei dagokie eta Kale Nagusiko 14. Zenbakiko etxebizitzei. Bigarren formulak (eraikuntza berria), Santoandiako udal orubean gauzatuko litzateke. Esku-hartze horien guztien helburua alokairuko etxebizitza soziala sustatzea da, azken biak, Alde Zaharreko gazteen emantzipaziorako, bereziki. Dirua Na+ek asfaltatzeko bideratutako partidatik hartu da (milioi 1).
Asfaltatze-partida hortik beste bi zuzenketa aurkezteko dirua hartu da: 100.000 euro Los Burgos Plazaren irisgarritasuna eta erabilerak hobetzeko obrak egiteko proiektua finantzatzeko. Bigarren proiektua Chinchilla kalea guztiz berrurbanizatzea litzateke, Alde Zaharra, Ziudadela eta Iturrama auzoa oinezkoentzako lotzeko bide gisa. Proiektu honek 300.000 euroko balioa du, 100.000 euro asfaltatze partidatik hartuko lirateke, eta beste 200.000 Navarra Sumak Padre Moret oinezkoentzat moldatzeko aurreikusitako partidatik. “Logikoagoa da hiriaren ikuspegitik, ekialdea eta mendebaldearen arteko oinezko konexioa bultzatzea eta ez Lehenengo Zabalgunea inguratzea”, argudiatu dute bi alderdiek.