Itzuli

Geroa Baik eta EH Bilduk zortzi prebentzio talde komunitarioen kontratuak bertan behera utzi aurretik prebentzio zerbitzua ebaluatzeko eskatu dute, UNICEF eta Nafarroako Gobernua barne hartuko dituen ponentzia baten bidez

"Proiektu bat mahai gainean jarri gabe, txostenik gabe eta pandemiaren egungo egoeran, erabateko arduragabekeria litzateke gobernu taldeak proposatzen duen akordioa hartzea", esan dute bi alderdiek

    Patxi Leuza Patxi Leuza

    Geroa Bai eta EH Bildu udal taldeek premiazko zuzenketa bat aurkeztuko dute gaurko Osoko Bilkuran zeinean eskatzen den Prebentzio Ekintza Komunitarioko Zerbitzuen (SAPC) kontratuak bertan behera uzteko esperdientea geldiaraztea eta, horren ordez, prebentzio eredua, funtzionamendua eta finantzaketa baloratzeko prozesu bati ekitea. Proposamen honen arabera, Udaleko teknikari espezialistek ez ezik, UNICEFeko eta Nafarroako Gobernuko adituek ere parte hartuko lukete ebaluazio-prozesu horretan, eta hil honetan bertan emango litzaioke hasiera batzorde txostengile baten bidez, zerbitzu horri egin beharreko honbekuntzak aztertzeko. "Gobernu Taldeak erabakia azkar hartzera behartu nahi gaitu, baina erabaki okerra da, ez soilik ikuspuntu politiko eta teknikotik, baizik eta prebentziorako zerbitzuak erabiltzen dituzten familien ikuspuntutik. Horregatik, Udal taldeok erabaki hori behar bezala egokitu behar dugu, erantzukizun sozial eta instituzionalak hala eskatzen baitigu", adierazi dute bi alderdiek.

    Gaur goizean bertan aurkeztutako proposamenak bigarren akordio-puntu bat ere jasotzen du: batzorde txostengileari eskatzea ateratako ondorioak txosten batean jasotzea”, hartara, txosten hori Herritarren Gaietarako Batzordearen edo Udaleko lan saio ezberdinetan aztertu ahal izateko.

    Gobernu taldeak erabakiaren berri eman bezain laster aditu ezberdinak, auzo elkarteak, gizarte ekintza saileko teknikariak, Haurren Programaren arduradunak eta abar erabaki horren aurka agertu dira, eta ohartarazi dute erabaki honek Gizarte Zerbitzuen Zorroaren prestazioak ez betetzea suposatzen duela". Halaber, bi alderdiek adituen ohartarazpenaren berri eman dute: "Prebentziozko Arreta Zerbitzu Komunitarioen kontratuak abenduaren 31n amaitzeak haurren eskubideak ez bermatzea ekar dezake", eta horregatik "onartezina" da Navarra Sumak proposatutako akordioa. "Gainera, juridikoki, espedientean dagoen dokumentaziotik ondoriozta dezakegu harentzat funtsezko alderdi batzuk ez direla kontuan hartu, subrogazioa kasu, eta horrek Iruñeko Udala egoera zail batean jar dezake", ohartarazi dute Geroa Baik eta EH Bilduk.

    "Egoera hau hiriarentzat eta, bereziki, haur eta nerabeentzat ahalik eta ondoen konpon dadin, ezinbestekoa ikusten dugu inplikatutako alderdi guztiek parte hartuko duten aldez aurreko azterketa bat egitea", proposatu dute bi alderdiek, "ondoren eztabaida lasaia egin ahal izateko". "Uste dugu, ikerketa hori gabe, proiekturik gabe, inolako txostenik gabe (aurrekaririk gabeko pandemia baten erdian, inoiz baino laguntza handiagoa behar denean) erabateko arduragabekeria litzatekeela Gobernu Taldeak proposatzen duen akordio hau hartzea", azaldu dute.

    Izena eman gure buletina jasotzeko