Geroa Baik 2024 urterako Aurrekontuentzako akordioa balioetsi du programa akordioarentzako bultzada delako
Pablo Azcona Nafarroako Parlamentuko Geroa Bairen bozeramaileak 2024 urterako Aurrekontu proiektua “lau indar politikoren arteko akordioarekin” Parlamentura iritsi izanaren garrantzia azpimarratu nahi izan du -EH Bildurekin akordioa lortu baita- eta parlamentuko tramitazioaren ondoren “Aurrekontuak onartu egingo direla” ziurtatu du ere.
Komunikabideei egindako adierazpenetan Azconak nabarmendu duenez, proiektu hau “Gobernua sostengatzen duten hiru indarren programa akordioari bultzada argia da”. “Gero Bairen hauteskunde programarekin ere lerrokatzen diren Aurrekontuak eta akordioa dira”, adierazi du, aldi berean gaineratuz “berri ona dela” akordio hau eta Aurrekontuak bederatzigarren urtez jarraian bermaturik egotea.
“Eskuinaren diskurtso katastrofisten aurrean, Nafarroak aurrera egiten jarraitzen du eta pauso tinko eta ordenatuarekin”, adierazi du Azconak, era berean balioetsiz “bederatzi urte daramatzagula urtez urteko egonkortasunarekin”. “Ziurgabetasun une batean gaude, Nafarroako herritarren egunerokoan bere eragina duen testuinguru global batean eta Aurrekontu hauek gizarteak dituen erronka horiei erantzuna ematen diete”, esan du, aldi berean azpimarratuz “zerbitzu publikoen kalitatean, gizarte kohesioan eta Nafarroaren garapen ekonomikoan aurrera egiteko funtsezko tresna izango direla”.
Adierazi duenez, “EH Bildurekin lortutako aurrekontu akordioak PSN, Geroa Bai eta Contigo Zurekin formakluntzok izenpetu genuen programa akordioaren ildo beretik jarraitzen du”. Eta azpimarratu du parlamentuko tramitazioan zehar, “funtsezko gaien hobetzean eta lurralde kohesioa bezalako gai garrantzitsuetan sakontzeko” aukera izango duela bere taldeak.
“Aurreproiektuak jasotzen dituen gaiekin pozik gaude, bai eta lau aldeko akordioarekin, osasungintzan aurreikusten den inbertsioaren gorakadarekin, industriarentzako eta trantsizio ekologiko eta digitalarentzako dauden ehun milioi baino gehiago horiekin; pozik euskarari bultzada emateko eta hizkuntza normalizatzeko politika publikoen sendotzearekin eta Aurrekontuek indarkeria politikoaren biktimentzako kalteordainak jasotzearekin”, nabarmendu du parlamentariak, era berean klima aldaketaren aurkako neurriak eta zerbitzu publikoak sendotzeko neurriak ere azpimarratuz.
Pablo Azcona