Geroa Baik 6,5 milioi lortu ditu Estatuko aurrekontuetan eta ia 18 milioiko partidak negoziatu ditu
Koldo Martínez Nafarroako senatari autonomikoak, José Mari Aierdi Gobernu lehendakariordearekin batera, 2022 urterako Gobernu zentralaren aurrekontu negoziazioan orain arte lortutako emaitzak aurkeztu ditu gaur. Geroa Bairen bultzadari esker, exekutiboak Aurrekontu Orokorren proiektuan bi proiektu sartu ditu, 6.468.000 eurorekin.
Lodosan Bilborako norantzan AP-68 errepidearekin lotura da horietako bat, autobidea eraiki zenetik lotura hori egiteke baitago, eta 4.468.000 euroko kostua izango du, bere lehen faseari 2022 urtean ekingo zaiolarik, horretarako datorren urteko aurrekontuan milioi bateko partida bat ezarri delarik jada. Kopuru horri bi milioi gehiago gaineratuko zaizkio 2023an eta 1.468.000 2024 urtean, lanek aurrera egin ahala, horiek amaitzeko.
“AP-68 errepidea edo EAE-Aragoi autobidea eraiki zenean, Zaragoza Bilborekin lotzen duena alegia, enpresa emakidadunak Lodosa bi norantzarako 14. irteera egitea ‘ahaztu’ zuen. Ondoren, Zaragozarako norantzako irtenbidea eraiki zen, baina beste norabidea egin gabe zegoen oraindik. Orain burutuko den aldarrikapen historiko bat da honakoa, eta autobidera sartzeko karril bakarreko errepide batean zehar 20 kilometro egitea ekidinez eskualdeko bizilagunen komunikazioak eta segurtasuna hobetzeaz gain, eskualdean kokaturik dauden enpresen ekonomiari bultzada izango da ere, haien komunikazioak eta lehiakortasuna hobetzen baititu”, azpimarratu du Koldo Martínezek.
Geroa Baiko senatariaren ekimenez Aurrekontu Orokorren proiektuan sartu den beste proiektuetako bat Eraikuntzaren Industrializazio eta Robotikaren Zentro Nazionala da, Estatuak bi miloi eurorekin finantzatuko duelarik 2022 urtean.
Zentzu honetan, José Mari Aierdi Gobernu lehendakariorde eta Lurralde Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoen kontseilariak iragarri duenez, zentro nazional honek hiru ardatz edukiko ditu: ikerketa, eraikuntza soziala eta formakuntza. Eta ondoko beste erkidegoekin lankidetzara irekia egongo da, hots EAE eta Akitaniarekin. Era berean, Foru Erkidegoaren eta Estatuaren arteko baterako gobernantzaren adibide den heinean, modu positiboan baloratu du proiektu hau Aierdik.
“José Mari Aierdi buru duen Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoen departamentuak bultzaturiko proiektu bat da eta Europako atera deika dabilen eraikuntzaren iraultzan aitzindari izango da, kostuak merkatuz, eraikuntza jasangarriagoa eta kalitate handiagokoa eginez eta sektoreko langileen bizi baldintzak hobetuz, denbora gutxiago pasako baitute egurats zabalean”, azpimarratu du Koldo Martínezek.
Beste proiektuak
Kongresuak onartutako aurrekontu proiektuan jada beltz zuri gainean agertzen diren bi proiektu hauetaz gain, Geroa Baik, Koldo Martínez senatariaren bitartez, 12 zuzenketa aurkeztuko ditu Senatuan eztabaidatzeko, osotara haien balioa ia 18 milioi eurokoa delarik (17.550.000).
1.- Balio kate jasangarria. Zenbatekoa: 1.500.000 €
2.- Nafarroako ekonomia zirkularraren parkea. Zenbatekoa: 500.000 €
3.- Nafarroako Ubidearen gainean panel fotoboltaikoak jartzeko proiektua. Zenbatekoa: 250.000 €
4.- “Hormigoizko Mugak” Proiektua. Memoriaren Nafarroako Institutuak sustatua. Zenbatekoa: 200.000 €
5.- Datuen Nafarroako Agentzia proiektua. Zenbatekoa: 2.000.000 €
6.- Ultzama ibaia bere Atarrabiako ibilguan ingurumenari dagokionez berreskuratzeko eta hobekuntza hidraulikoa egiteko Plana. Zenbatekoa: 5.000.000 €
7.- Garinoainen AP-15 autobidean sarbide eta irtenbidearen eraikuntzaren hasierako fasea. Zenbatekoa: 1.000.000 €
8.- San Martín de Unx proiektua. Zenbatekoa: 2.000.000 €
9.- Oliteko Gaztelua argiztatzeko Proiektua. Zenbatekoa: 300.000 €
10.- Tafalla-Zangoza NA-132 errepidetik AP-15 autobidera sarbidea. Zenbatekoa: 4.500.000 €
11.- Noaingo aireportuko operagarritasunaren hobekuntza. Zenbatekoa: 100.000 €
12.- Zuaztoi eta Urrasun herrietan ur edangarri andel erregulatzaile berria. Zenbatekoa: 200.000 €