Itzuli

Geroa Baik adierazpen instituzionala aurkeztu du San Fermin festetan zehar gertatutako sexu indarkeria kasuak gaitzesteko

Geroa Bairen parlamentu taldeak adierazpen instituzionala aurkeztu du gaur goizean Foru Ganberan Iruñean azkeneko San Fermin jaietan zehar gertatutako eta salatutako sexu indarkeria kasu guztiak gaitzetsi eta arbuiatzeko.

Zioen azalpenean, Geroa Bairen parlamentu taldeak azpimarratzen duenez “azken San Fermin festetan zehar, emakume ugarik sexu indarkeria pairatu izana salatu dute. Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko muturreko ezberdintasunaren fruitu den eta emakumeen eta haien bizitzen gaineko nagusitasuna bilatzearen ondoriozkoa den emakumeen aurkako indarkeria hau da berdintasun erreala lortzeko oraindik egiteko dugun bide luzearen froga bai eta emakume guztientzako indarkeriarik gabeko bizitza libreak lortzeko ere”.

Adierazpen instituzionalak bost puntu ditu onartzeko, hots:

- Nafarroako Parlamentuak azken San Fermin jaietan Iruñean gertatutako eta salatutako sexu indarkeria kasu guztiak gaitzesten eta arbuiatzen ditu.

- Nafarroako Parlamentuak bere babesa agertzen die eraso hauen biktimei, haien senitarteko eta lagunei, bai eta haien pribatutasunari errespetua ere, ez birbiktimizatzeko.

- Nafarroako Parlamentuaren aburuz eraso hauek ez dira modu isolatu eta puntualean gertatzen, baizik eta emakumeekiko diskriminazio eta indarkeriaren eguneroko testuinguruan kokatzen dira, horri modu sistematiko eta globalean ekin behar diogularik.

- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako gainontzeko erakunde publikoekin batera, bai eta mugimendu feministarekin eta herritar guztiekin ere lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen du, emakumeenganako sexu indarkeria eta emakume eta gizonen arteko ezberdintasun guztiak deuseztatzeko.

- Nafarroako Parlamentuak berdintasuna zentroan jartzeko eta ezberdintasunak amaitzen laguntzeko politika publikoak bultzaren alde egiten du, kultura parekidea sortzearen alde modu erabakian eginez eta emakumeenganako indarkeriaz libre egongo den bizitza bat lortzeko.

 

Izena eman gure buletina jasotzeko