Itzuli

Geroa Baik Altsasun igandeko manifestaldiarekin bat egiten du kasuaren desproportzioa salatzeko

Geroa Baik Altsasu Gurakoak igandean Altsasun deitutako manifestaldiarekin bat egiten du Altsasu Kasua deiturikoaren inguruan lehen unetik egon den desproportzioa salatzeko helburuarekin eta behin berriro ere, justizia eta proportzionaltasuna eskatzeko.

Geroa Baik ziurtatu duenez, berriki ezagutu genuen eta gazte espetxeratuen zigorrak berresten dituen Auzitegi Nazionalaren sententziak “frogatzen du hasieratik kutsaturik zegoen kasu baten aurrean gaudela, bertan gainera Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Kartaren 49.3 artikuluan aitortzen diren zigorren proportzionaltasun printzipioa urratuz”.

Koalizioaren aburuz, “espetxean dauden gazteek eta haien senitartekoek eta Altsasuko herriak pairatzen ari duten bidegabekeria larria salatzen jarraitzeko unea da, herria bera Estatuko sektore ezberdinen interesek deabrutu baitute ere, kasu honekin kasu eredugarri bat egiten saiatuz”.

Geroa Bairen iritziz altsasuarrek denboraldi guzti honetan zehar eduki duten jarrera eredugarria izan da bidegabekeria honen aurrean eta alderdi politiko ezberdinen aldetik egindako probokazioen aurrean, eta ziurtatu du “batasun honek eta agertutako jarrerak eragin dutela nafar gizarteak bat egitea justizia eta proportzionaltasuna eskatzerako orduan”.

Horregatik guztiagatik, koalizioak nafar herritarrak igandean Altsasura joatera animatu ditu, kasu honen inguruan egon den bidegabekeria larria salatzeko eta behin berriro ere justizia eskatzeko.

Izena eman gure buletina jasotzeko