Itzuli

Geroa Baik aurrekontuen akordioa balioetsi du, 2023an ekintza politikoari bermearekin ekin ahal izateko beharrezkoa den egonkortasuna eskaintzen baitu

Gehiengo aurrerakoi eta pluralaren akordioari esker Nafarroak zortzigarren urtez jarraian aurrekontuak onartuko dituela nabarmendu du koalizioak

    2023 urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorren Foru Lege Proiektuaren eta zerga neurrien onarpenerako lortu den akordioa balioetsi du Geroa Baik, “egun dugun ziurgabetasun sozial eta ekonomikoaren ondorioz oso konplikatua izango dela aurreikusi daitekeen urteari ekiteko beharrezkoa den egonkortasuna eskaintzen baitio Nafarroari”. “Aurrekontuak onartzea beti bada garrantzitsua, are gehiago egun dugun testuinguru konplexuan, krisialdi energetikoak eta Ukrainako gerraren ekarritako krisiak ondorio larriak edukiko baititu Nafarroako eszenatoki sozio-ekonomikoan”, ziurtatu du koalizioak.

    Geroa Baik nabarmendu duenez, “gehiengo aurrerakoi eta pluralari esker, zortzigarren urtez jarraian Nafarroak garaiz eta egoki onartutako aurrekontuak edukiko ditu”. “Modu honetan, -gogorarazi du koalizioak- 2015ean hasitako aurrekontuen norabidea finkatzen jarraitzen da, lehen unetik gizarte kohesioa lehenesteko eta kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeko irizpidearekin, garapen ekonomikoari bultzada emanez eta ekoizpen eredua eraldatuz”. “Nafarroaren egonkortasunak gehiengo aurrerakoiak behar dituenaren beste froga bat dira aurrekontu hauek, eta gehiengo horietan Geroa Bai ezinbesteko eragile da”, azpimarratu du.

    “Zorionez, -adierazi du Geroa Baik- urrun daude jada Nafarroak krisialdi ekonomiko larriari aurre egin behar izan zizkion urteak, garai hartan aurrekontuak bata bestearen atzetik luzatuz, UPNk beste formakuntza politikoekin akordioetara iristeko zuen ezgaitasunaren fruitu”. “Zortzi urteren ondoren Navarra Suma oposiziotik ez da ezgaitasun hori gainditzeko gai izan, beste urte batez bere burua aurrekontuen negoziaziotik kanpo utziz”, ziurtatu du.

    Bestalde, koalizioak nabarmendu duenez, “2023 urterako aurrekontu proiektuak historiako gastu-mugarik handiena aurreikusten duen arren, gastuak berak eta une sozio-ekonomiko konplexuaren beharrek konprometiturik dute jada hein handi batean”. Zentzu honetan, “kontuek krisialdiari aurre egiteko estadura sozial egoki bat eskaintzea bilatzen dutela” defendatu du, “baina enpresen eta industriaren esparruari ere laguntza eskaintzeko anbizioarekin, enplegua eta aberastasuna sortzea bilatzen duten eta trantsizio energetikoaren aldeko apustua egiten duten proiektuetan arreta berezia jarriz”.

    Zentzu honetan, datozen erronkei aurre egiteko Nafarroa ahalik eta egoera hoberenean kokatzeko alor estrategikoetan partidak aurreikusten ditu aurrekontu proiektuak. Horrela, nabarmendu duenez, “pandemia ondoko eta larrialdi energetikoko egungo testuinguruan, trantsizio energetikoa, ekologikoa eta digitala bizkortzeko beharrezko baldintzak sor daitezen bermatzea bilatzen du aurrekontu proiektuak, eraldaketa eredu jasangarriago eta adimentsuago baterantz bultzatzeko”.

    Etxebizitza alorrean, “etxebizitza publikoa sustatzeko apustu sendoarekin” jarraituko dela gogorarazi du, “nagusiki alokairu modukoan, eta irisgarritasuna eta eraginkortasun energetikoa bermatzeko babestutako zaharberritzeari bultzada ere”. Halaber, ziurtatu duenez, “landa sektorean eta abeltzaintza sektorean lehiakortasuna sustatuko da eta emisio gutxiko ekonomia baterantz trantsizioa sustatzeko, ekonomia zirkularra aktibatzeko eta kutsadura murrizteko politiken ezarpena bultzatuko da ere”.

    Halaber, koalizioaren arabera, kontuek Nafarroan bizikidetza hobetzeko politikak finkatzen dituzte, bai eta kanpo-ekintza alorreko edo euskara alorreko neurrietan aurrera egiten dute ere, horien artean Euskarabideari bideraturiko 11 milioi euro nabarmenduz (2015an bideraturikoa baino ia 6 aldiz gehiago).

    Azkenik, aurrekontu proiektuaren parlamentuko tramitazioan zehar lanean jarraitzeko bere jarrera irekia berretsi du Geroa Baik, “zuzenketen bitartek horiek hobetzeko helburuarekin eta, aurreko urteetan bezala, lurraldetik hurbileko eta udal esparruko lanaren fruitu den lurralde kohesioaren ikuspegia eskainiz”.

    Izena eman gure buletina jasotzeko