Itzuli

Geroa Baik azalpenak eskatu ditu Senatuan eta foru Parlamentuan Mikel Zabalza torturatua izan ondoren hil zela dioten grabazioak agertu direla eta

    Koldo Martínez Koldo Martínez

    Mikel Zabalza torturen ondorioz hil zela onartzen duten Guardia Zibileko goi-agintariei egindako grabazioak publiko egin ondoren, Geroa Baik ekimen bana erregistratu du Senatuan eta Nafarroako Parlamentuan.

    Zehazki, Koldo Martínez senatari autonomikoak Fernando Grande-Marlaska Barne Ministroaren agerraldi eskaera erregistratu du Senatuan, astelehen honetan Público egunkariak argitaratu duen informazioari buruz Barne Batzordearen baitan azalpenak eskain ditzan, bertan Mikel Zabalza Intxaurrondoko kuartelean torturatzen zuten bitartean hil zela agerian uzten duen Juan Alberto Perote Guardia Zibileko Koronelaren eta Pedro Gómez Nieto kidego bereko tenientearen arteko elkarrizketa baten grabazioa entzun baitaiteke.

    Bere aldetik, Geroa Bairen parlamentu taldeak Foru Exekutiboari zuzenduriko ahozko galdera bat erregistratu du Foru Ganberan, Mikel Zabalzaren hilketa argitzeko Nafarroako Gobernuak Barne Ministerioaren aurrean egiten ari duen kudeaketa ezagutzeko helburuarekin.

    Koalizioaren iritziz, “grabazio hauek kasuaren giltzarri izan daitezke, bereziki kontuan izanik 35 urteren ondoren, zantzu guztien arabera Zabalza Intxaurrondoko kuartelean jasotako torturen ondorioz hil zela dirudien arren, familia aitorpen ofizialik gabe jarraitzen duelako eta inor ez delako kondenaturik izan”.

    Koalizioak gogorarazi duenez, auzitegiek kausaren artxiboa hainbatetan erabaki dute frogarik ez zegoelako, “gertatutakoa argitu gabe ez eta erantzukizunik zehaztu gabe”. Geroa Bairen aburuz “heriotza honen inpunitateak ezin du jarraitu. 35 urteren ondoren, Zabalza familiak ez du egiarik, eta hortaz ez du justiziarik ez eta erreparaziorik ere”, amaitu du adieraziz koalizioak.

    Izena eman gure buletina jasotzeko